Arraizko saihesbidea, lehentasuna

Amezti.eus 2020ko ira. 17a, 09:20
Iturria: diariovasco.com

Olabeko saihesbidearekin batera, Arraizkoa lehentasuna dela baieztatu zien Pedro Lopezek, Herri Lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiak, bileran, Arraizko herritarrei. Proiektua urte bukaerarako amaitu nahi dute tramitazioarekin berehala hasteko, baina tramitazioak bi urte gehiago beharko dituzte.

Arraizko proiektua 1995etik egina dago, orain gaur egungo beharretara eta legeetara egokitzea besterik ez zen faltako, baina, ondoren, bi urte behar dira ingurumenaren aldetik aztertzeko eta tramite guztiak osatzeko. Arraitzen, dena den, pozik daude Edurne Barberena alkateak esan digun bezala: "lehenengo aldiz ikusi dugu benetan mugitzen hasi dela, pasa den urtean ez zuten egin nahi. Esan digutenez, kamioei jarriko dizkieten bidesariei esker saihesbidearen inbertsiorako dirua lortuko dute eta behin eta berriro errepikatu digute saihesbideak lehentasuna direla". Izan ere, 2021eko udaberrirako prest izan nahi ditu Nafarroako Gobernuak bidesari horiek hurrengo errepideetan: A-10, A-15, N-121-A, A-1 y A-68; eta, 45 milioi euro lortu ditzazke haiei esker.

Esan bezala, Arraizko saihesbidearen proiektua 1995ean egindakoan oinarrituko da. Olabekoak bezala, bi errai izanen ditu bi norabideetan. Gainera, bi metroko errepide erdibitzailea izanen du bi norabideen artean eta metalezko hesi bertikala. Bestalde, pasabideak izanen ditu hainbat mailetan, animalien mugikortasuna errazteko.

Urteetan eta urteetan eskatu dute saihesbidea Arraizko eta Olabeko herritarrek. Hainbat bilera izan dute, azkenekoa pasa den ostegunean Pedro Lopezekin, Herri Lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiarekin eta Bernardo Cirizarekin, Lurralde Kohesioko sailburuarekin.