Ainhoa Iraizoz ultzamarrak Nafarroako Lokotx Bilketa Txapelketan bigarren postua lortu du

Amezti.eus 2020ko ira. 14a, 11:42

Joan zen larunbatean ospatu zen Txapelketa Antsoaingo polikiroldegian. Ainhoak,  burubelarri txapelketa prestatu eta gero, bigarren sailkatzea lortu zuen. Kirolaria ez da postu honekin asetu eta Euskadiko Txapelketara joateko lanean hasteko asmoa azaldu du.

Arratsalde gazi-gozoa bizitu zuen Ainhoa Iraizoz, Eltsoko kirolariak, joan zen larunbatean Antsoaingo polikiroldegian burutu zen Nafarroako Lokotx Bilketa Txapelketan. Bigarren postua lortu zuen Txapelketan.  Maika Ariztegi iturendarra eta Ainhoa parez pare ibili ziren txapelketan eta azkenetako lokotx batekin ez asmatu eta atzean geratu zen Ainhoa. Akats honek kendu zion txapelketa irabazteko aukera. Lehen postua gertu ikusita bigarrenarekin geratzea ez da erraza izan ultzamarrarentzat, baina txapeldunak egiten duten modura, hurrengo erronkan pentsatzen hasia da. Urduritasuna eta presioa kontrolatu beharko ditu datorren txapelketan. Hoiek izan omen ziren Ainhoaren etsai handienak Nafarroako azken Txapelketa honetan. Dena den lagun eta familia asko bildu zen polikiroldegian Ainhoaren lana ikusteko eta horretaz harro dago eta eskertuta, nola ez.

Euskadiko Txapelketa oraindik noiz den ez dakien arren, bere entrenamenduan pentsatzen jarria da dagoeneko. Nafarroakoak utzi dion arantza kentzearren lana ongi prestatu nahi du. Zihur gaude han ere oso txapelketa txukuna burutuko duela eta ondoan izanen dituela lagun eta senitartekoak.

Zorionak Ainhoa.