Gure ingurua turistez bete zaigu uda berezi honetan

Amezti.eus 2020ko abu. 26a, 09:24

Gure inguru honetan aurtengo uda trastean jende gehiago ibili delako ustea dugu. Antza jendeak Mediterraneo itsasora, atzerrira edo beste edozein leku turistikoetatik alde eta herri txikietara jotzeko aukera egin du.

 Horrela esan digu adibidez Ziaurrizko Gentzane Ripodasek. Bere landetxea beteta egon da, baina hasieran deuseztapen ugari jaso zituen. Bazirudien jendea ez zela urbilduko baina azken momentuko erreserbekin bete dute uda. Jendea gertutik etorri da, atzerritarrak utzitako lekua betetzen. Honela dio Udabeko Idoia Auzak ere. Azken momentuko erreserbak izan dira gehienak eta azkenean jendea leku gabe ere gelditu omen da.

Lantz herrian ere estatuko hainbat pertsonek bete dute udan ireki duen landetxe bakarra. Mertxe Larralderen esanetan : “7 etxe banitu, aurten aise beteko nituzke lekurik gabe geratu den jendearekin”. Gainera, diotenez egonaldiak orokorrean luzeagoak izan dira.

Kanpinean ere uda oso ona izan dute. Atzerritar gutxi etorri dira baina bertakoek bete dute uztaila eta abuztuan kanpina. Egonaldi luzeak eta asteburuetan topera ibili dira. Diotenez, tabernan bertan ere nabaritu dute gorakada. Marta Gastonek esan digunez: “Jendeak nahiago du daukagun taberna zabalean elkartu eta lasai egon leku jendetsuagotan elkartu baino gehiago eta aurten bai egonaldiekin eta bai tabernarekin ere oso lanpetuta ibili gara”. Apirila eta Ekaina bitartean bete zituzten bungalow eta etxolak, hortik aurrera partzelak besterik ez dira geratu eta horiek ere pixkanaka bete dituzte.

Badirudi ba, ikusten duzuenez, inguruko alojamenduek ez dituztela arazoak izan jendea erakartzeko eta gure ingurua leku segurutzat hartu dutela turistek.

Lekunberriko turismo bulegoan esan digutenez, deigarria iduritu zaie aurten Nafarroako Erriberako jendea egun pasa etorri beharrean, egonaldi luzeak egitera etorri dela eta joera hori asko handitu dela. Atzerritar gutxiago etorri direla baieztatu digute, Euskalerritar ugari ordea. Eskualdeko beste zonaldetako datuak ez izan arren, deigarria iduritu zaigu handik igaro direnen artean %7k Basaburuan hartu dutela ostatu.

Jendeak aurten orohar nahiago izan du landetxe, kanpina edo halakoa hotela baino. Mendi ingurua ezagutu eta gehienbat familian etorri direnez, inguruan ibilbide errazak egiten pasa dituzte oporrak.

Hau ikusita badirudi modan jarriko garela, nork daki, datorren urteetan gure ingurua turismo gune bihurtuko den. Kasu..