Ultzamako Bizi Bonoak abian dira

Amezti.eus 2020ko abu. 21a, 10:52

Ultzamako Udalak kudeatutako Bizi Bonoak proiektuan parte hartuko duten enpresen zerrenda zein kontsumitzeko baldintzak argitaratu berri ditu Udalak. Bonoak erabiltzeko aukera zabala dago, ez galdu aukera eta hurbildu Ultzamara.

Ultzamako Udalak argitaratu berri du Bizi Bonoak programan parte hartuko duten enpresen zerrenda, bai eta horietaz gozatzeko baldintzak.

Bonoak Ultzamako ostatu, alojamendu, gozogintzako lantegian eta zerbitzuetan erabil daitezke. Parte hartzaileen zerrenda https://ultzama.eus/eu/orria/ultzaman-bizi-bonoak webgunean duzue.

Bonoak erabiltzeko baldintza batzuk badaude.

18 urtetik gorako edozein pertsonek eros dezake bonoa, ez du zergatik ultzamarra izan behar.

Bonoa, erosten duzun lekuan bertan gastatu behar duzu, baina ez du zergatik egun berean, bai epez barne.

Pertsona bakoitzak parte hartzen duten leku bakoitzean bono bat eros dezake.

Bonoak erabiltzeko epea urriaren 2a arte luzatuko da taberna eta zerbitzuetan, ez ala alojamenduetan non epea azaroaren 15a arte luzatu den. Dena den alojamenduen kasuan baldintza desberdinak daude. Gau bakoitzeko 8 euroko deskontua izanen du erabiltzaile bakoitzak , eta pertsona berak ezin izango du ostatu hartzeko txanda bat baino gehiago baliatu; hau da, irailean 3 gau igarotzen baditu eta bonuak baliatzen baditu, urrian ezin izango du berriz ere eskaintzaren etekinik atera.

Bono bakoitza 24 eurotan eros daiteke eta bere balioa 32 eurokoa da. Udalak bono bakoitzean 8 euroko laguntza ematen du. Proiektuan parte hartzen duen enpresa bakoitzak 62 bono jaso ditu sal ditzan.

Ultzamako udalak kudeatutako proiektu honen helburua bertako merkataritza suspertzea da eta krisi garai hauetan bultzada bat ematea tokiko enpresak aurrera jarrai dezaten.

Programa honen oinarriak bere osotasunean, baina erdara hutsean, Ultzamako Udalaren webgunean irakurgai daude.