Ultzamako Udalak ohar batean adierazi duenez, 2018an Lizasoko Kontzejuak bide segurtasun arazo bat zegoela helarazi zion. Udala haiekin bildu zen, eta aukera ezberdinak aztertu ondoren, epe motzera radardun auto bat jartzea irtenbide bideragarriena zela erabaki zuen. "Alde batetik, gidarien abiadura jaisteko asmoa zuen, eta bestetik, arazoaren dimentsioa neurtzekoa. Aldi berean, isunetatik zetorren dirua bide segurtasunean inbertsioak egiteko erabiliko zen.".
Oharrak dioen bezala, "isunak jasotako batzuek, zigorraren aurrean errekurtsoa jartzeko eskubideari heldu zioten, beste batzuek baimendutako abiadura muga gainditu izana onartu eta zegokiena ordaindu zuten beraien kabuz.".
2019ko abuztuan, Nafarroako Administrazio Auzitegiak helegite bati eman zion arrazoia, eta gerora beste pare bati. Honen arabera, udalak ez du eskumenik Lizasoko bidean jarduteko. Eskumena Nafarroako Gobernuak du, eta udalarekin horretarako hitzaremenik ez duenez, auzitegiak arrazoia eman die isuna jaso duten herritarreei. "Udaletik eman diren pausuak beti teknikari juridikoekin kontrastatu badira ere, Nafarroako Administrazio Auzitegiak arrazoia eman zien errekurtsoa jarritakoei", adierazi du udalak oharrean.
Beraz, errekurtsoa jarri duten 18 horiei isunaren dirua itzultzeko prozedura abian jarri du honezkero Ultzamako Udalak. Hurrengo batzar batean gainontzeko isun guztiak itzultzeko prozedurari ekitea ere proposatuko da.
Radardun kotxea erabiltzerik ez dagoenez, Lizasoko kontzejuak kotxeen abiadura adierazten duen bi panel jarri berri ditu herriko sarreretan, Lizaso zeharkatzen duten kotxeen abiadura moteltzeko asmoz. Abiadura segurtasun arazo bat izaten jarraitzen baitu herritarren ustez.