GREBA DIGITALA

Euskal kulturgintzak apirilaren 21 eta 22an deitutako greba digitalarekin bat eginen du Esan Erran-Amezti.eus-ek

Amezti.eus 2020ko api. 21a, 10:24

“Nolakoa litzateke mundua kultur sormenik gabe?” galdera luzatu dute kulturako greba digitala deitu duten eragileek. Covid-19aren itxialdian hamaika online kultur ekimen sortu dira, herritarren konfinamendua errazago egiteko asmoz. Etxean sartuta egon beharreko egunotan kultur kontsumoa ohikoa baino handiagoa izaten ari dela dirudi, baina kulturgintzan dihardutenek euren egoera prekarioa salatu dute beste behin. Horregatik, bi eguneko greba digitala eginen dute: 'Ikus gaitzazuen desagertuko gara, entzun gaitzazuen isilduko gara', diote.

Komunikabideoi ere bi egunotan kultur edukirik ez partekatzeko dei egin digute, eta Esan Erran irratiak eta Amezti.eus atariak bat eginen dugu deialdiarekin: Egun Ero irratsaioan bi egunotan ez da entretenimendu atalik izanen (kultur edukiak izaten direlako), eta Amezti.eus-era ez dugu eduki berririk igoko.

 

1.005 atxikimendu jaso ditu greba deialdiak honezkero, eta Euskal Herriko kultur atari, komunikabide nahiz plataforma askotan izanen du eragina. Grebaren helburuak honela adierazi dituzte deitzaileek:

 

1.— Gogoeta eta eztabaida soziala eragitea

Euskal Herritar orori zuzentzea, batez ere konfinamendu egunotan inoiz ez bezala euskal kulturgintzara hurreratu direnei, norbanakook egunerokoan euskal kulturgintzarekiko dugun atxikimenduari buruzko gogoeta ariketa proposatzeko: zein balio ematen diogun gure kulturgintzari, zein garrantzia duen gure egunerokoan, zenbat kultura kontsumitzen dugun, kulturgintzaren prekarietateaz (batez ere sortzaileenaz) eta lan baldintza kaxkarrez ohartzen garen...

2.— Premiazko neurriak hartu behar direla exigitzea

COVID-19aren larrialdiak eragin(go) dituen kalteei erantzuteko premiazko neurriak plazaratu eta horiei atoan erantzun diezaietela eskatzea Euskal Herri osoko erakunde publikoei: Euskal Hirigune Elkargoari, Nafarroako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiei, udalei eta bestelako erakundeei. Premiazko neurriekin batera, epe ertain-luzerako bestelako proposamenak ere plazaratzea.

3.— Euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun guztiontzat elkargunea izango den mahai/bilera/topaketa antolatzeko lanean hastea

Euskal Herri osoko kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun eragile guztioi dei egitea larrialdi egoerak ahalbidetzen digunean mahai/bilera/topaketa... bat gauzatu dezagun euskal kulturgintzaren gabezia eta premia larriei aurre egiteko zer egin proposatu, eztabaidatu, adostu eta gauzatzeko. Deia beren beregi antolatuta dauden kulturgintzako eragileei luzatzea bilkura horren antolaketa lana euren gain har dezaten: sortzaileen elkarteei, enpresa egitura dutenei, erakunde publikoei...

Informazio guztia kulturgintzan.eus orrialdean.