II Ultzama Trail eguna, apirilaren 4an

Amezti.eus 2020ko mar. 5a, 13:59

Pasa den urteko arrakastaren ondoren, berriz izanen da Ultzama Trail mendi lasterketa. 8,5 eta 19 kilometroko bi ibilbide izango ditu; eta izen-ematea, apirilaren 2ra arte, Herri Krosa plataforman.

Lasterketak Larraintzarreko Ultzama pilotalekuan izango du irteera eta helmuga, eta egutegian finkatu nahi du, 135 korrikalari bildu zituen iazko lehenengo edizioaren ostean. Bigarren edizio honek 8,5 kilometro eta 300 metroko desnibela izango du ibilbide laburrean, eta 19 kilometroko ibilbide luzea, 600 metroko desnibela pilatuko duena.

Sariei dagokionez, parte hartzen duten atleta guztien artean opari ugari zozketatzeaz gain, antolakuntzak irabazleen eta lehen sailkatuen artean sari berdinak emango ditu, gizonezkoetan zein emakumezkoetan. Lasterketa luzean, irabazleek euren garaikurra, 160 euro eta probaren babesleetako baten oparia jasoko dute; bigarrenek garaikurra, 75 euro eta oparia eramango dituzte, eta hirugarrenek, garaikurra eta oparia. Proba motzean, berriz, honakoak izango dira sariak: garaikurra, 80 euro eta oparia; garaikurra, 35 euro eta oparia; eta garaikurra eta oparia, hurrenez hurren, lehen, bigarren eta hirugarren sailkatuentzat, emakumezkoetan zein gizonezkoetan. Gainera, proba eta kategoria guztietan, garaikurra eta oparia egongo dira helmugara iristen den lehen atleta ultzamarrarentzat.

Iazko irabazleak palmaresean ordezkatu nahi dituztenek zein beren erronka pertsonala gainditu eta Ultzama bailararen inguru ederrean korrika gozatu nahi dutenek, Herri Krosa plataformaren bidez eman dezakete izena II. Ultzama Trail lasterketa honetan (www.herrikrosa.eus).

Izen-ematear apirilaren 2ra arte zabalik egongo da eta honen prezioa, 20 eurokoa da (15 Ultzamako auzotarrentzat) 8,5 kilometroko proba motzean, eta 25 eurokoa (20 bertoko atletentzat) proba luzean, 19 kilometrokoan.

Lasterketari buruzko informazio guztia www.ultzama.eus webgunean dago eskura.