Eskualdeko familien babesa jaso du 0-3 urte plataformak

Amezti.eus 2020ko ots. 19a, 11:06

Elkarretaratzea egin zuten atzo, Larraintzarren, 0-3 urte Plataformak deituta.

Pozik agertu dira Xinbili Xanbala haur eskolatik, plataformak deituta, elkarretaratzeak izan duen babesarekin. Egun haur eskolan haurrak dituztenak agertu baitziren, baina baita haur eskolatik pasa diren familiak ere.

"Oso kontent gaude erantzuna ikusita, honek indar handia ematen digu aurrera jarraitzeko, nahiz eta badakigun bide luze baten aurrean gaudela", adierazi digu Maite Bertizek, Xinbili Xanbalako langileak eta 0-3 urte plataformako kideak.

Adierazi dutenez, egungo ratioak jasangaitzak direla eta, erdira jaitsi nahi dituzte: urte bete baino gutxiagoko haurrei dagokionez, langile bakoitzeko 8 ume dituzte orain; 12 bat eta bi urte bitarteko haurren kasuan; eta 16 bi eta hiru urte bitartekoetan. Aldi berean, soldataren igoera eskatzen dute, haien ardurarekin eta gaur egungo bizimoduarekin bat egiten duen soldata eskatzen dute.

Xinbili Xanbalako haur eskolako langileek Bortziriak, Malerreka eta Baztango haur eskolekoekin batu dira mobilizazioetan. Horiek Iruñetik kanpo zabaltzeko. Hurrengo elkarretaratzea Beran izanen da martxoaren 17an. Iruñean 15 egunean behin biltzen dira Nafarroako Parlamentuaren parean.