Bi enpresa hasiko dira lanean Ultzamako udaletxean dagoen Coworking gunean

Amezti.eus 2019ko abu. 26a, 13:20
Iturria: ultzama.eus

Uztailaren 31n bukatu zen eskaera egiteko epea, eta abuztuaren 22a arte izan du udalak eskaria onartu edo ezeztatzeko. Bidali zuten bi enpresek lortu dute esleipena, batak arkitektura arloan egiten du lan, besteak zerbitzuetan.

Bulegoak 9 gune ditu lan egiteko. Partekatutako gela batean 8, eta bulego pribatu 1. Esleipenak burututa, bi besterik ez dira erabiliko momentuz. Martin Pikabea, Ultzamako alkatea: “gehiago izatea gustatuko litzaiguke, lau gutxienez, baina, bai, abian jartzea lortu dugu, behintzat”.

Hilean 50 euroan alokatzen dira partekatuak direnak, eta hilean 75 euro da bulego pribatuaren prezioa. Guztiak BEZa kontuan izan gabe. Esleipena lortu duten bi enpresa hauek 2023ko irailaren 1a arte erabili ahal izanen dute.

Ultzama Coworking Gunea Larraintzarreko udal eraikinaren hegaletako batean kokatzen den instalazioa da. Bere helburua enpresa eta profesionalen egoitza izatea da, bereziki hauen hastapenetan eta egonkortzerako bidean lagungarri izateko. Izan ere, gunea partekatuz gastuak merkeago izatea da coworkingaren helburua. Horregatik autonomoen eskaerek izan dute lehentasuna, 6 langile baino gutxiago duten enpresen eskaerek ondoren, eta horiek baino handiagoak direnen eskariek bukatzeko.