Nondik hartu duzu mendizaletasuna?
Aitarengandik etorri zait. Txikia nintzenean, aitak oso gustuko zuen Arañotzera igotzea, eta asko joaten ginen anai-arreba guztiak. Egia esan, nik ez nuen bat ere gustuko, baina behartu egiten gintuen. Eta orain guztiz kontrakoa da, niri izugarri gustatzen zait, eta ni naiz aita eramaten duena.
Kirol ugari probatu dituzu, baina orain mendi lasterketetan egonkortuago?
Bai, eskubaloia egiten hasi nintzen, atletismoa gero, eta batxilerra ikasten hasi nintzenean Zegama-Aizkorri “junior” lasterketa egin nuen, eta hirugarren sailkatu nintzen. Orduan ikusi nuen mendi lasterketetan ongi ibiltzen ahal nintzela. Baina triatloia egiten hasi nintzen ere, Ultzamakoa eta beste hainbat eginez. Saltoki taldean sartu eta Espainiako txapelketa ere egin nuen, baina mendi lasterketak ere egiten nituen bitartean.
Kilometro bertikalen Espainiako kopa irabazi zenuen, esperotako lorpena izan zen?
Joan zen urtean lesio bat izan nuen belaunean, eta kilometro bertikaletan zentratu nintzen. Hasieran lesioaren ondoriozko irtenbidea izan ziren lasterketa hauek, baina lagun batekin entrenatzen hasi nintzen eta Espainiako kopako lehen lasterketan probatzera joan ginen. Oso gogorra zelakoan beldurtuta geunden, eta presiorik gabe aritu ginen. Lehenengo eta bigarren sailkatu ginen, sorpresa ederra hartu genuen!
Eta Mexikon ere kirola egiten jarraitu duzu?
Hasieran deskonektatu egin nuen, korrika egitera bakarrik ateratzea arriskutsua zela ere esaten zidaten batzuek. Baina jende kirolaria ezagutu nuen eta haiekin joaten hasi nintzen.
Ederra izan da hemengo mendi ugari ezagutzea, eta baita Mexikon alpinismoa ulertzeko duten moduaz jabetzea hemengo mendi-giden bidez. Oso ezberdina da. Alpinismo ikastaro bat egin nuen, eta bertako jendearekin mendira joaten hasi nintzen.
Eta 5.700 metroko sumendi bat ere igo zenuen, zer moduz?
Ederra izan zen. Mendi-gidak hara joateko esan zigun, neskalagunak utzi zuela eta deskonektatu beharra zuela, eta oso giro filosofikoan egin genuen, kuriosoa izan zen. - 5.747m-ko altuerako sumendi bat da "Pico Orizabal" edo "Iztactéptl", laba izoztua daukan munduko sumendi bakarra, eta Mexikoko mendirik altuena-.
Igoerari dagokionez, oso gogorra egin zitzaidan. Ongi aklimatatua nengoen, 3000 eta 4000 metrotik gorako mendi ugari eginak bainituen lehenago, baina buruko min handia sartu zitzaidan. Goizeko hiruetan hasi genuen bidea, eta hotz ikaragarria egiten zuen; gainera, seietan elur-ekaitz batek harrapatu gintuen, bidea arriskutsua zen, eta ia ez nituen eskuak sentitzen, baina berreskuratu egin nituen. Gorputzaldi txarra nuen, baina burugogorkeriaz igo nuen eta egunak argitu zuenean, eguzkiak bizitza eman zidan.
Oso esperientzia gogorra izan zen, baina alpinismoaren eta bizitzaren inguruan hausnartzeko balio izan zidan, eta mendiarenganako dudan maitasuna berretsi nuen.
Mendi lasterketa bat ere egin zenuen, zer moduz esperientzia?
Oso barregarria izan zen. Hara iritsi eta mariatxi talde bat jotzen hasi zen irteera puntuan. Oso ongi antolatutako lasterketa izan zen, nazioarteko zirkuituan baitago. Lasterketan, ni eta beste korrikalari batzuk galdu egin ginen, eta atzera bueltatu behar izan ginen. Hirugarrena eta laugarren neskak gindoazen elkarrekin, eta besteak amore eman zuen. Nik gogor jarraitu nuen, esperientzia bizi nahi nuelako, eta asko sufritu ondoren seigarren sailkatu nintzen.
Oso polita izan zen, jende pila bat korrika zein ikusten, eta europarrak ikusteaz asko harritzen ziren eta hitz egitera hurbiltzen ziren.