Ganadua mendira botatzeko epea ireki dute Ultzaman

Amezti.eus 2019ko mai. 17a, 10:14

Maiatzaren 15ean ireki dute Ultzamako aziendak lur komunaletara botatzeko epea.

Belateko eskuinaldeko lurretan behiak eta ardiak bota ditzakete abeltzainek, eta ezkerraldean berriz, behorrak eta ardiak. Itxiturarik gabeko zonalde irekia ere behorrentzako bazkaleku izanen da. 80-90 behi inguru, beste horrenbeste behor eta 500 bat ardi askatuko dituzte aurten abeltzainek lur publiko horietan.

Bazkalelkutarako lur komunalak erabiltzen dituztenek abenduan eta urtarrilean zehar eman behar izan zuten izena Udalean. Ganaduaren bazkaleku publikoen gastuak eta mantentze-lanak kubritzeko ordainketa egin zuten tenore horretan abeltzainek. Orain, jada, Udalari abisua pasa eta aziendak askatzeko garaia dute: “Udalak darama lur komunalon kudeaketa eta mantentze-lana: ganadua mendira botatzeko epea ireki aurretik aritu gara itxiturak errepasatzen, hautsita zeuden puskak konpontzen eta mantenimendu lanak egiten”, azaldu du Jon Etxekolonea Ultzamako basozainak.