Lehenago pinudietan erabilia izan da prozesadore hau, baina inoiz ez pagadietan. Momentura arteko emaitzak nahiko nabarmenak dira: azkarrago, merkeago, garbiago eta isilago. Izan ere, orain arte eskuz egiten zen pagoaren ateratzea, motozerraz. Eta denbora gehiago eskatzeaz gain, garestiagoa ze; gainera, geroz eta langile gutxiago daude basoan lanean aritzen direnak. Motozerra hidraulikoa da, eta normalek baino soinu gutxiago egiten dute.
Zer da prozesadorea?
Besoan buru berezi bat duen hondeamakina da prozesadorea. Buru horrek pagoari heltzen dio, eta motozerraz moztu. Zuhaitz osoa mugitu dezake gero, eta nahi duen distantzian moztu, adarrak ere kenduz. Hamabost bat segundoko denbora eskatzen dio pago bakoitzak.
Zer ari da egiten?
Pagadia garbitzen ari da, argi gehiago ematen. Izan ere, oso baso itxia da, eta argi gutxi sartzen denez, pagoak ez dira behar bezala hazten. Horietako batzuk kenduta, besteak askoz hobe haziko dira, eta hemendik hogei bat urtera balio ekonomikoa izanen dute. Orain ateratzen ari direnak ez dute baliorik, eta basoan utzi beharrean biomasa bezala erabiliko dituzte udalaren eraikinak berotzeko (ikastetxea, frontoia, osasun-etxea, udaletxea…), hiru hilabetez idortzen utzi ostean.
Adarrak, legez, basoan utzi behar dituzte, biomasa izanik denboraren poderioz desegingo direlako.
Basoa, baliabide ekonomikoa
Eskualdean dugun natur baliabide garrantzitsua da basoa. Dirua balio du egurrak, geroz eta gehiago, are gehiago pagoak. Antzinako garaietatik izan dute gure basoek aktibitate ekonomikoa, eta egun ere badute. Ekonomia iturri garrantzitsua da, eta etorkizunean ere izateko, modu jasangarri batean ustiatzen ari da udala.
Horretarako ezinbestekoa da, orain bezala, balioa ez duten pagadien garbiketa egitea, besteek balio ekonomikoa eskuratu dezaten. Hala azaldu digu Ultzamako basozain den Jon Etxekoloneak.