Basaburuan eta Imotzen dagoeneko egin zuten lehenengo asanblada, Basaburuko Bilgune Feministak deitua, eta otsailaren 14an egingo dute bigarrena. Bihar, Ultzaman egingo dute asanblada berri bat Odietako eta Anueko emakumeekin* batera greba antolatzeko. Larraintzarko Bentan izango da 18:00etan.
Bitartean, Basaburuan, greba baino lehen eta martxoaren 8an bertan izango diren ekintzak jorratzen hasi dira. Greba baino lehen pankarta tailerra eta bafle edo triki poteoa eginen dute. Gainera, otsailaren bukaeran mural bat margotuko dute.
Grebaren egunean, martxoaren 8an, aldarriak eskualde osoan zehar eraman nahi dituzte. Horretarako, herri guztietako plazak bete nahi dituzte eta eskualdea zeharkatuko dute kalejiran. Hori goizean, bazkaldu ondoren Iruñara joanen dira 19:00etan egingo den manifestaziora.
Bestalde, aurtengo grebak zaintzaren afera izango du erdigunean. Emakumeek bere gain hartzea derrigortu dituen sistemaren kontra, herrietan zaintza kolektiboa sustatzea proposatzen du emakumeen asanbladak. Horri buruz hitz egiteko eta gizonezkoei greban izango duten zereginak azaltzeko batzarrera deitu dituzte gizonak otsailaren 15ean. 18:00etan Jauntsarasko eskolan.