Mendi lasterketa berria, Ultzama trail

Amezti.eus 2019ko ots. 1a, 12:37

Azken hilabeteetan prestatzen aritu ondoren, Ultzama trail lasterketaren lehenengo edizioa errealitate bihurtu da. Apirilaren 6an izanen da Larraintzarren, zenbait herri zeharkatu eta Arañotz eta Beuntzalarrea mendiak igoko dira lasterketan.

Bi distantzia izanen dira, lasterketa laburrak 10km izanen ditu, eta luzeak 19km. Azken honek 600 metroko desnibela izanen du.

 

Ibilbideari dagokionez, Larraintzartik atera eta Iraizotz aldera joanen da Amati basoa zeharkatuz. Bertan hasiko da lehenbiziko igoera, Arañotzera bidean aldapan gora jarriko baitira korrikalariak. Lasterketako punturik garaienera iritsiko dira eta bertan izanen dute edan eta jateko aukera. Basoan barrena Eltsora jaitsi eta Larraintzarrea bidean jarriko dira, pistatik. Bertan amaituko da lasterketa laburra, 10km eginda.

 

Luzeak, aldiz, beste 9km izanen ditu, eta Larraintzartik Lizasora joan eta Beuntzalarrera igoko dira, lasterketako bigarren gaina. Mendiaren ertzetik kilometro batzuk egingo dituzte basoak estalirik, eta hortik Larraintzarra jaitsi eta herritik frontoria egingo dituzte azken metroak, bertan izanen baitute helmuga.

 

Mendi lasterketek geroz eta afizio gehiago sortzen dute gure artean, eta Ultzama aldean asko dira maila polita duten korrikalariak, Pulunpen behin baino gehiagotan aipatu dugun bezala. Lasterketa asko daude Nafarroako egutegian, baina horien artean lekutxo bat egiten saiatuko da Ultzama trail lasterketa.

 

Data apirilaren 6a izanen da, eta goizeko 9:30ean hasiko da Larraintzarko pilotalekutik. Sariei dagokienez, normala beharko lukeen bezala, diru kopuru bera izanen dute emakumeen zein gizonen mailako irabazleek, 160€ lasterketa luzeko irabazleek eta 75€ laburrekoek.

 

Izen ematea herrikrosa.eus webgunean egin daiteke, eta ultzamarrek gainontzekoek baino merkeago izanen dute.

 

Datuak:

Ultzama trail

Data: Apirilaren 6a, larunbata

Ordua: 9:30

Irteera: Larraintzarko pilotalekua

Izen ematea: Otsailaren 4tik apirilaren 4ra (herrikrosa.eus)

Prezioa, aurrez:

Motza: 15€ ultzamarrek, 20€ kanpokoek

Luzea: 20€ ultzamarrek, 25€ kanpokoek

Distantzia/desnibela:

Motza: 10km / 300m+

Luzea: 19km / 600m+

kontaktua: ultzamakirolak@gmail.com

 

Ibilbidea: https://es.wikiloc.com/rutas-carrera/larrainzar-31150261#wp-31150267