Ostiralean "Cuatro sillas para tres" antzerkia eskainiko dute Larraintzarren

Amezti.eus 2019ko urt. 16a, 10:07

Ostiral kulturalen egitarauaren barnean, ostiral honetan umorezko antzezlan parte hartzaile izanen dugu Larraintzarren.

Gauean jende anitz biltzekoa da mendixkaren kaskoan izar-euria ikusteko. Orotariko jendea izan daiteke, maila askotako premiak dituena. Horregatik, antolakuntzako arduradunen helburua da bertaratzen direnak eroso egon daitezen. Dena den, lau aulki tolesgarri baino ez dituzte lortu eta aldez aurretik ezin jakin zenbat jendek  beharko dituen. Hori aski ez eta, uste baino lehenago, behatzaileetako bat agertu da aulkien banaketan muturra sartzeko asmoz. Zer arraiotan ari da?


Testuaren xedea da plazaratzea zer arazo eta onura dituen herritarren partaidetzak arazo publikoak konpontzerakoan, tonu ez-serio batetik abiatuz eta hausnarketarako eta eztabaidarako mami ugaria eskainiz. Bilbea askatzeko ezinbestekoa izanen da beti kontuan hartzen ez diren pertsona horien ekarpenak balioestea.

- Antzezleak: Maitane Goñi Hernández; Jaione Urtasun Izal eta Xabier Flamarique Catalá

- Zuzendaria: Óscar Orzaiz Resano

- Testua: Luis Tarrafeta Sayas