Euskara eta kirola jardunaldia

Euskarak kirol arloan bide egiteko neurriak aztergai izan dituzte Larraintzarren

Amezti.eus 2018ko aza. 15a, 15:40

Gaur goizean, "Euskara eta kirola" jardunaldia izan dugu Larraintzarko bentan. Bertan Nafarroako euskara eta kirol teknikariak elkartu dira kirol arloan euskara bultzatzeko neurriak aztertzeko.

Euskararen egoeraren ikerketa azaldu dute bertan, eta hainbat esperientzia positibo entzun ondoren, taldean hausnartzera igaro dira, aurrera begirako ondorioak ateratzeko.

Arantxa Martinez Ultzamako alkateak ireki ditu jardunaldiak, Euskarabideko zuzendari Mikel Arregi eta Nafarroako kirol eta gazteriaren institutuko zuzendari Ruben Goñirekin batera.

Segidan, Maite Inda, EMUN taldeko aholkulariak, Nafarroako Gobernuak egindako ikerketa azaldu du. Bertan eremu euskaldun zein mixtoan kirol arloan euskarak duen tokia azaldu du, eta euskarak aurrera egin dezan hainbat neurri proposatu ditu, ikerketak utzitako ondorioetan oinarrituta. 

Lau esperientzia entzun ditugu ondoren: Pais Valencià-ko ESCOLA VALENCIANA, Gasteizko ARASKI, Lizarrako BRINKA eta Ultzamaldean etorkizunerako porposatzen den hizkuntza proiektua, Asier Pazos kirol teknikariak azalduta.

Esperientzia horiek eta Maite Indak azaldutako ikerketa kontuan harturik, talde txikietan eztabaidatzera igaro dira, izan ere arlo honen inguruan eztabaidatzeko espazioen falta nabarmen sentitu dute partehartzaileek. Hausnarketa eta ideia trukatzen denboraren ostean ondorioak plazaratu dituzte.

Hauek izan dira ondorioetan ateratako neurrien proposamenak:

- Kirolaren bidez euskara sustatzeko garrantziaren inguruko sentsibilizazio kanpainak bultzatzea.

- Kirol arloan euskara planak sustatzeko eholkularitza batzen eraketa.

- Kirol klub eta elkarteetan euskara irizpideak jasotzeko proposamen bat izatea.

- Euskara eta kirol teknikarien arteko elkarlana sustatzea.

- Kirol monitore euskaldunen lan poltsa eratzea, euskara titulua eskatuz.

- Kirol arloan euskara lantzeko koordinazio bat sortzea Nafarroa mailan.

 

Ultzama aldean monitore euskaldunak lortzeko zailtasunek, kirol eskaintza gehiena erdaraz izatea eragin du, baina hori zuzentzeko neurriak beharrezkoak direla aipatu du Asier Pazos kirol teknikariak. Mankomunitateko zerbitzu guztien ardatza euskara da orain, denak bateratzen dituen osagaia da, orain hauen eskaintza ere euskaraz izatea da lortu beharrekoa. Besteak beste, Euskara Proiektuan lanean ari dira.