El sexto sentido, Sandra Iraizozen gidoia Baluarten

Amezti.eus 2018ko aza. 14a, 18:00

Igandean estrenatuko da El sexto sentido antzezlana Iruñeko Baluarten, arratsaldeko 19:00etan. Lola Rodriguezek zuzendua, Sandra Iraizoz Eltzaburuarrak idatzi du emakumearen aurkako indarkeriaz hausnartzeko gidoia.

Sofía tratu txar psikologikoak jasaten ditu bere bikotekidearengandik eta harremana bukatzea erabakitzen du. Bere bikotekideak eragiten dizkion tratu txarrez konturatzeko prozesu hori, zalantzak baztertu eta erabaki egokia hartu duela ziur egon arteko bidea kontatzen du El sexto sentido antzezlanak. Bide horretan, idazten dituen olerkiak lagunduko dute protagonista. Bizipen gogorra da historiaren abiapuntua, baina mezua itxaropentsua da, indarkeria matxista gainditu daitekeela adierazi nahi du, Sandra Iraizoz gidoilariak eta Lola Rodriguez zuzendariak esaten duten bezala.

Andrea Lunes Lilas indarkeria matxistaren aurkako elkarteak antolatutako ikuskizuna da, El sexto sentido. Lola Rodríguez, zuzendaria, psikologoa da, eta indarkeria pairatu duten emakume ugari ezagutu ditu bere lanean, bizipen horietatik jaio zen istorio hau. Sandra Iraizoz eltzaburuarrak idatzi du gidoia.

Ikuskizuna, gainera, zuzeneko musikak lagunduko du. Juan Muñoz "Jolis" flamenko-kantaria, Rico Muñoz perkusionista, Pedro Planillo gitarra jolea, Lorena Jimenez eta Asier Azparrenen eskutik. Sofiaren papera Maitane Goñik eta Araitz Claramuntek antzezten dute.  

El sexto sentido, igandean, azaroaren 18an, Iruñeko Baluarten izango da arratsaldeko 19:00etan. Sarrerak Baluarten eta Interneten dira salgai, dagoeneko erdia saldu dira.