Kirolaz eta euskaraz hausnartzeko zita, bihar Larraintzarren

Amezti.eus 2018ko aza. 14a, 13:32

Larraintzar izan da jardunaldi hauek egiteko aukeratutako tokia. Joan zen urtean, Ultzamako kirolaren egunari hizkuntzaren elementua gehitu zitzaion, eta aurten, kirolaren egunaren atarian, hizkuntza gutxituek kirolarekin duten harremanaz arituko dira bihar goizean Larraintzarko zentro zibikoan.

Ultzamak kirolaren eguna hartuko du asteburuan, bailaran praktikatzen diren kirolen topaleku izan nahi duena. Festa giroan arituko dira hainbat kiroletan larunbata zein igandean, gure herrietako kirol aberastasuna erakusteko.

Baina bihar beste zita bat dugu kirolarekin, eta hizkuntza gutxituek kirolaren praktikan duten harremanarekin, gurean euskara.

Jardunaldi hauetan, “Kirola Euskaraz” ikerketaren emaitzak emango dira ezagutzera. Horrekin batera, hizkuntza gutxituak eta kirola uztartzearen gainean dauden esperientzia positiboak partekatuko eta, era berean, arlo honetan dauden erronkez eta aukerez eztabaidatuko da.

Nafarroako Gobernuak, Euskarabideak eta Nafarroako gazteriaren eta kirolaren institutuak antolaturik, hainbat konferentzia eta tailer izanen ditugu goizeko 9etan hasita. Aurrenekoa Arantxa Martinez Ultzamako alkateak irekiko du, aurretik aipatutako instituzioetako ordezkariekin batera.

Ondoren "Euskara eta kirola" ikerketaren emaitzak ezagutzera emanen dira, eta beste tokietan eman diren esperientziez hausnartuko da. Talde dinamikek emanen diote jarraipena, entzundakoaz hausnartzeko, eta euskarari erreparatuz amaituko dira jardunaldiak.

Euskalerria irratiko Reyes Ilintxeta lankideak aurkeztuko ditu jardunaldiak.