Lucia Oscozek Espainiako kilometro bertikaletako kopa irabazi du

Amezti.eus 2018ko urr. 8a, 10:20

Arraizko kirolaria promesa mailan izan da Espainiako kopako txapeldun. Katalunian eta Aragoan jokatutako lau lasterketetatik bi irabazi ditu, eta beste bietan bigarren izan da.

Maiatzean hasi eta irailaren 30ean amaitu da Espainiako kilometro bertikaletako kopa. Mendi lasterketa laburrak dira hauek, 5 kilometro ingurukoak, eta 1000 metroko desnibel positiboa igo behar izaten dute.

Lucia Oscozek koparako puntuagarriak ziren lau lasterketetatik bi irabazi ditu, Panxamplan eta Vilallerren (Katalunia), eta bigarren izan zen Roquetesen (Katalunia) eta Canfrancen (Aragoi). Ondorioz, puntuak batuz, kopako txapeldun suertatu da Txurregi taldeko lasterkaria.

"Promesa" mailan aritu da orain arte, baina "senior" mailan arituko da aurrerantzean, arraiztarrak dioenez "Oso polita izan da orain arte, baina hemendik aurrera zailagoa izanen da podiumetan sartzea".

Oso positiboki baloratzen du orain arteko esperientzia, eta nabari da gustuko duela kirol hau: "Giro aparta izaten da, mendia eta kirola maite duen jendea, leku ederrak ezagutzen ditugu... oso polita da guztia".

Lleidan bizi da Lucia Oscoz, eta aurtengo kopako hiru lasterketa Katalunian izatea bere alde izan du, kilometro gutxi egin behar baitzituen kotxez, eta lasterketa guztietara joan ahal izan da.