Belateko erromatar galtzada ikertuko du Aranzadi zientzia elkarteak

Ultzamako Udala 2018ko uzt. 31a, 12:39
Erromatar galtzada, Belate inguruan - Utzamako Udala

Oiasso-Tarraco erromatar galtzadan egingo ditu indusketak ikerlari taldeak, Iruñea eta Irun elkartzen zituen bidean hain zuzen ere. Belateko Bentaxar inguruan eginen dute lan, eta abuztu bukaera edo iraila hasieran auzolana deituko dute lan hauetan laguntzeko

Albiste originala: http://ultzama.eus/atala/albisteak/oiasso-tarraco-erromatar-galtzada

Aranzadi Zientzia Elkarteak Ultzamako Udalerrian dagoen Oiasso-Tarraco erromatar galtzada ikertzeari ekin nahi dio. Horretarako Nafarroako Gobernuari ikerketa egiteko baimena eskatu dio eta Ultzamako Udalarekin komunikazio zuzena izaten ari da proiektuaren inguruan informazioa emateko. Baimen hau derrigorrezkoa da, legeak horrela agintzen duelako eta derrigorrezkoa delako edozein ikerketa arkeologiko sinesgarritasunarekin gauzatu ahal izateko.

Iruñea eta Oiasso-Irun elkartzen zituen galtzada honek, Aranzadiren ikerketen arabera, Belate zeharkatzen zuen eta bertan zundaketa arkeologiko batzuk egin nahi dituzte “Bentaxar” inguruan.

Zundaketa hauek eskuz egiten dira, laguntza mekanikoarekin, metro bateko zabalera eta zazpiko luzera duen zanja batzuk egiten dira lurraren estratigrafia aztertzeko eta ondoren atera den lur berarekin estaltzen da lurzorua lehen zegoen bezala utziz.

Lan hauek aurrera eramateko auzolan deialdia egingo da abuztu bukaera edo iraila hasiera aldera (egunak zehazten direnean), eta interesa duen pertsona orok parte hartu dezake, horretarako jarri udalarekin harremanetan (komunikazioa@ultzama.es -  948305115).

Albiste originala: http://ultzama.eus/atala/albisteak/oiasso-tarraco-erromatar-galtzada