Gazteen sormen artistiko eta kulturala babestu nahi du Ultzamako Udalak, diru-laguntzen bitartez

Amezti.eus 2018ko eka. 8a, 14:03

Gazteen sormen artistiko eta kulturala babestu nahi du Ultzamako Udalak, diru-laguntzen bitartez

Ildo beretik, kirol jarduerei zuzendutako diru-laguntzak eskaintzen ditu.
 

Helburua, gazteek asmatutako proiektu originalak, betiko kontuetatik ateratzen direnak, bultzatzea da. Horretarako diru-laguntzak eskaintzen ditu Ultzamako Udalak. Arte Ederrak ikasi eta bere proiektuak aurrera eramateko dirurik ez duen gaztea edota diziplina artistikoren batean trebea eta ideia berriak dituena, esate baterako, lagundu nahi ditu. Hori helburu nagusia izanik, edonork parte har dezake deialdi honetan, gaztea izan edo ez. Eskaera egiteko epea ekainaren 23an amaitzen da.
2.500 euro daude proiektu kultural eta artistikoendako. Horietaz gain, beste 2.500 euro eskeintzen dute diru-laguntzek, kirol jarduerendako. Baina, laguntza lortzen duen pertsona edo entitate bakoitzak 1.250 euro eskuratu ahalko ditu gehienez, eta laguntza jasotzen badute, Ultzaman aurkeztu beharko dute proiektua. Hautaketan, Ultzaman erroldaturikoak, gazteendako egiten diren proiektuak, euskararen erabilera sustatzen dutenak, eta genero ikuspegia kontuan hartzen dutenak onetsiko dira. Artistikoen artean, baita diziplina ezberdinak nahasten dituztenak. Kirolen artean, esku pilota edota herri kirolak sustatzen dituztenak.