Ultzamak errugbiaren etxea izaten jarraitzen du

Pulunpe 2018ko mai. 28a, 13:37

Beste behin ere, gaupasa antolatu zuen Larraintzarren BRT errugbi taldeak. Baztan eta Ultzamako taldeari babesa eta laguntza emateko gaupasa antolatzen duten hamabosgarren urtea izan da, eta urteko zita garrantzitsuenen artean lekua egin du Ultzaman.

Ultzama aldetik, Malerrekatik, Baztandik, Xulapaindik edo Iruñerritik etorritako jendea bildu zen Ultzama pilotalekuan. Urtero bezala, zikiro afaria izan zuten, baina lehenxeago Los Tajudos del Norte taldearen emanaldia. Afalostean Oharkabe, Skabidean, Tirri&Tery eta Los Muga taldeen kontzertuak izan ziren, eta gaueko ordu txikiak arte parranda.

La Unica ohorezko mailatik gertu

Azken urteetan bezala, ohorezko mailara igotzeko fasea jokatu du aurten ere emakumezkoe La Unica errugbi taldeak, eskualdeko ordezkari ugari dituena. Baina joan zen urtean bezala, ezinezkoa izan da helburu hori lortzea, aurkari gogorrak izan baititu zelaian. Lugo eta Zaragozako taldeen aurka gailendu ostean, finalaurrekoetara igaro ziren nafarrak, baina Sevillako talde indartsua izan zuten aurrean, eta amore eman behar izan zuten. Euskal Herrian maila bikaina izan arren, hemendik kanpo oso maila altua dago.

Maialen Marturet Espainiako selekzioan

Lizasoko gaztea dugu lerro hauetako azken protagonista. Izan ere, La Unica taldeko jokalari honek Espainiako 18 urtez azpiko selekzioan aritzea lortu zuen. Frantziako Vitchy hirian jokatutako Europako txapelketan aritu zen ultzamarra, eta lehen aldia da estatuko selekzioan aritzen dela. Lan handia egin ostean lortu du saria, Maddi Braco herrikideak jada lortua zuena ere. Beraz, argi dago Lizason errugbian aritzeko lehengai ona dagoela, emakumezkoen artean bereziki.