Energia-eredu bidezkoago, jasangarriago eta tokikoago baterantz urratsak egitea da Bizi Odieta elkartearen helburua eta hilabeteak daramatzate lanean. Hogei bat herritarrek parte hartu dute egin diren hainbat saio irekietan eta Nafarroako landa-eremuko beste komunitate energetiko batzuen esperientziak ezagutzeko aukera izan dute. Horrela, bileren, informazio-saioen eta eztabaiden bitartez, proiektua mamitzen joan dira. Gainera, Odietako Udalak ere bat egin du ekimenarekin, Bizi Odietako kide gisa.
Orain, lehen egitasmoa dute esku artean: energia fotoboltaikoko autokontsumo partekatuko instalazio bat abian jartzea. Proiektuaren nondik norakoak azaltzeko, irailaren 24an bilera egin zuten Odietako Udaletxean eta ostegun honetan, 18:00etan eginen dute hurrengoa.
Informazio guztia Irati Sarrias kazetaritza ikaslea eta Esan Erran irratiko kolaboratzaileak eman zuen Egun Ero irratsaioan.