Dokumentalaren grabaketak amaitzen ari dira baina hori ahalik eta txukunen egiteko finantzazioa behar dute eta horretarako crowdfounding kanpainia bat abiatu dute, alegia, herritarrek diruz laguntzeko aukera zabaldu dute Goteo plataformaren bitartez. Interesa duenak esteka honetan lagundu dezake: https://eu.goteo.org/project/ni-ez-naiz-sorgina. Azaroaren 19tik abenduaren 28ra, Ni ez naiz sorgina. Suak errerik, keak gorderik dokumentalari doaitza egiten ahal zaio.
Hauxe da dokumentalaren ideia nagusia, webgunean azaltzen den bezala: "Duela 500 urte gertatu zen Auritzen lehen exekuzio kolektiboa sorginkeriagatik: Nafarroan aurkitu berria zen sekta satanikoa, eta kondenatuei zigor eredugarria ezarri zitzaien: urkamendian akabatu ondoren gorpua erretzea. Sarraski hark hasiera eman zion mende oso bat iraun zuen jazarpenari, non milaka pertsona akusatu eta bidegabeki kondenatu zituzten". Egiten ari den jazarpen horren berirakurketan eta sorginkeriaren iruditeri faltsua deseraikitzen lagundu nahi du dokumentalak.
"Era berean, bidegabekeriaren orbana konpontzen, saiatzen ari gara; Zugarramurdiko plazan jarritako ikono iraingarria kentzen lagundu dugu, Senperen errepresaliatuen izen ona berreskuratzeko prozesuan parte hartu, edota Anotzibarren sorgina barik inkisidorea erretzen den antzezpena iruditan hartu dugu", azaltzen da webgunean.
2025eko ekainean 500 urte beteko direnez lehenbiziko talde erreketa egin zutela, Auritzen aurreproiekzioa egin nahi dute parte hartzaileekin. Baina Zinemaldian aurkeztu nahi dute gero. Donostiako zinema jaialdia ezagunari aurkeztu diote dokumentalaren egitasmoa.
Inkisizioa, Europako eliteak jazarpenerako asmatua
Aipatu bezala, Sugarren Mende komikia da dokumental honen jatorria. 2020an argitaratutako komikirako- Larraintzarren ere aurkeztu zen- historiografia lan sakona egin zuen Asisko Urmeneta komikigileak eta berak aipatu duen bezala, lan hipotesia koherentea eta berritzailea atzeman zuten orduan.
Zein da hipotesi hori? Europako orduko testuinguruan, Europa modernoa sortzen ari zen horretan, euskaldunek jazarpen politikoa pairatu zutela eta funtzio errepresibo horrekin, geopolitikagatik, inkisizioa asmatu zutela. Asisko Urmenetaren hitzetan, Berria egunkarian, sekta satanikoa edo sorgintza demoniakoa Europako elite intelektualek asmatu zuten. Sophie Houdard Sorbonako irakasleak ere, dokumentalerako elkarrizketatua, horrela azaltzen du: "Europa modernoa eraikitzen ari zen, eta momentu hartan botereak etsai bat behar zuen. Potentzien arteko muga lerroak garbitu nahi zituen bere absolutismo politiko eta kulturala ezartzeko». Sektaren eta deabruaren figura orduan sortzen dela dio, eta gaur egungo terroristaren figurarekin alderatu du.
Hain zuzen ere, komikirako baliatu zituzten Houdard bezalako iturrien egileengana jo dute aldi honetan Ni ez naiz sorgina dokumentalaren egileek. Euskal Herriko ikerlariengana ez ezik —Peio Monteano (Nafarroako Artxiboak), Joldan Jimeno (Zuzenbide Historikoa, NUP), Gurutze Ezkurdia (EHU), Amaia Nagusia (NUP)—, kanpokoengana ere joan dira: William Monter (Chicagoko Unibertsitatea, AEB), Sophie Houdard (Sorbona III Unibertsitatea, Paris), Diarmaid MacCulloch (Oxfordeko Unibertsitatea, Erresuma Batua) eta Natalia Silva Prada. Kanpokoekin bideodeiaz aritu dira orain arte, baina, haien bulegoetan, aurrez aurre eta irudia zainduz grabatu nahiko lituzkete, eta, horregatik besteak beste, behar dute diruz laguntzea.
Dokumentalaren izena
Ni ez naiz sorgina izanen da dokumentalaren izena eta horrela azaldu du egileak Berrian: "Sumario anitzetan agertzen da: ‘Ni ez naiz sorgina, eta ez naiz sekula izan’; ‘ene lana egiten dut, izerdiz eta garbiki’; ‘ez naiz zuk erraten duzun hori’. Behin eta berriz agertzen da".