elkarrizketa

Odietako eta Olaibarko euskararen hiztegia aurkeztuko da apirilaren 23an

Amezti.eus 2023ko api. 17a, 12:12

Odietako eta Olaibarko euskara aztertzen aritu da Aitor Arana hizkuntzalaria, Koldo Colomorekin batera. Apirilaren 23an bi eskualde horietako euskalkien hiztegia aurkeztuko dutela aprobetxatu dugu Arana elkarrizketatzeko. Nafarroan XIX. eta XX. mendean euskara galdu zuten ibarrak dituzte langai biek.

"Nafarroako ibarretan gabiltza, ibarrez ibar, bertako euskararen hiztegiak egiten, ikuspegi dialektologikotik. Azkena, orain argitaratuko duguna, Odietako eta Olaibarko hiztegia izango da", adierazi du Aranak. Gaztelaniatik euskalkirako hiztegia izanen da argitaratuko dena, eta hizkuntzalariak dioenez, eremu horietako gaurko euskaldunek bertako euskara ezagutzea da helburu nagusia.

Iturriei dagokionez, euskara galdu den eremuetan hiru iturri nagusitara jotzen dutela kontatu digu Aranak: elizetako dokumentuetara, doktrina euskaraz ematen baitzen ibar horietako askotan; toponimiara; eta euskara galdu den ibar horietako gaztelanian gorde diren euskal hitzetara.