Kontzertu ikusgarria izanen da Gaskuen, igandean

Amezti.eus 2022ko ira. 7a, 13:07

In Tempore abesbatzak The Holy Spirit Mass kontzertua eskainiko du Gaskueko Santurbe baselizan, igandean 12:00etan.

Kontzerturako eliza guztiz ilunpean izanen da, argi ikusgarriak proiektatzen baitituzte hiru pantailatan, kontzertua iraun bitartean. Argien diseinuaz eta proiekzioaz IkusArte enpresa arduratzen da.

Abesbatza Carlos Etxeberria Alonsok zuzentzen du, eta Kim André Arnesen konpositore norbegiarraren obra eskainiko dute, The Holy Spirit Mass. 35 abeslari osatzen dute abesbatza, baina, gainera, 13 musikarik lagunduko diete. Programan irakurri daitekeenez: "Testua, ohiko meza formatuan egituratua, erlijioaz haratago doa, eta munduarekiko adiskidetze mezua zabaldu nahi du. Era berean, itxaropen mezua da etorkizunerako". Obra hau 2017an konposatu zuen André Arnesenek, eta norbegiar sustraiko musikaren eta zinemaren eragina du.

1955ean sortutako Coral San José abesbatzak 2016an errejistratu zuen In Tempore marka berria. Geroztik etorri dira Gaskuera (izurriteko bi urteak kenduta). Nafarroaz gain, Espainiako eta Frantziako hainbat eta hainbat tokitan aritu dira. 2017ko urtarrilean, gainera, New Yorkeko Carnegie Hall aretoan eskaini zuten kontzertua.

Carlos Etxeberria Alonso, musikariaz eta irakasleaz gain, Pablo Sarasate kontserbatorioko zuzendaria da, eta bertako Orkestra Gazteko zuzendaria izan zen nazioarteko hiru biratan (Britania Handian, Suedian eta Polonian). Amalur Orkestrako zuzendaria ere izan da, eta hainbat abesbatza sortu ditu. Gainera, konpositorea ere bada. In Temporeko zuzendaria 2002tik dugu, eta geroztik konpositore garaikideen obratan espezializatzen ari da abesbatza hau.

Erlazionatuak