Ziaurritzen hartu zituzten errefuxiatuak Ukrainara itzuli dira

Amezti.eus 2022ko ira. 2a, 11:15
Iruñera iritsi zireneko irudia

Hemezortzi errefuxiatu iritsi ziren martxoan, hiru emakume eta hamabost adin txikiko. Hiru emakumeetako bat eta bost adin txikiko apirilean joan ziren eta orain besteak ere Ukrainara itzuli dira.

Europako hainbat herrialdetatik ari dira Ukrainara itzultzen. Apirilean, Giza Aferen Koordinazio Bulegoak, Ukraniako Mugako Guardiaren Zerbitzu Estatalaren datuak hartuta, egunero 30.000 errefuxiatu itzultzen ari zirela esan zuen. Gerra uste zena baino gehiago luzatzen ari dela eta familiarekin bildu nahi dutela dira aipatzen dituzten arrazoi nagusiak, Espainiako hainbat hedabideren arabera. Baita lana bilatzeko dituzten zailtasunak. Orain, ikasturte berriarekin gehiago izaten ahal dira, besteak beste, eskola berriz abiatu delako Ukranian.

Zifra ofizialik ez dago, Nafarroan eta EAEn ere ez, europarren mugimendu askatasunarengatik zaila delako erregistro bat eramatea, baina Euskadi Irratiko Faktorian Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak azaldu duenez, "jakin badakigu Ukrainara bueltatu diren pertsonak daudela, baina, halaber, Ukrainara bueltatu eta, gerora, euren herrialdean dagoen egoeragatik, Euskadira itzultzeko erabakia hartu dutenak ere".

Ziaurritzen, martxoan, hemezortzi errefuxiatu hartu zituzten. Lorea Peñalver herritarraren ekimena izan zen, hamabost urtez etxean udan hartutako Saxa Kurvanovek laguntza eskatuta. Hiru emakume eta hamabost adin txikiko iritsi ziren: Saxaren ama eta bi auzokide, umeekin. Ondoren, Saxaren ama eta anai-arrebak gelditu ziren Ziaurritzen eta besteak Burgosera bideratu zituen Nafarroako Gobernuko laguntza programak, baina bietako bat Ziaurritzera itzuli zen eta beste ama, bost adin txikikoekin Ukrainara itzuli zen apirilean. Orain, Ziaurritzen ziren bi emakumeak eta hamar umeak itzuli dira beren herrira, Huta-Mezhyhirs'kara, Kieveko iparmendebaldean.