Hauxe da Anotzibarko istoriotxo honen azalpena:
Anotzibarren, 1575eko urriaren 18(666)an
-On Pedro, on Pedro, Mari Juanak sorgindugaitu! –esan zuen 10 urteko Martinicok.
-Bai, hala da! –gehitu zuen bere 7 urteko anaia Miguelicok- gainera, nik ikusi dut hegan egiten, hainbat haur hiltzen, baita Ostizko apaiz bat ere eta bere uztak beti oparoak dira, ez gureak bezalakoak!
-Hori, eta animalia bihurtu da behin baino gehiagotan eta akelarretara eraman gaitu… gauza beldurgarriak oso ikusi ditugu! - negar zotinka aitortu zuen Martinicok.
On Pedrok, Ziaurritzeko eta Anotzibarreko abadeak, dena sinistu (beste interes batzuk ez ote zituen?) eta Anotzibarko Mari Juana eta Grazia eta Miguel Zubiri, senar-emazteak, salatu zituen. (Antonio Zavalak “Xandua” deitzen zuten Mariatxo neska ere aipatzen du.)
Garai ilunak ziren, Inkisizio garaiak!
Mari Juanak txikitatik konbultsioak izan zituen (epilepsia akaso?). Familiak mila buelta eman zituen, konjuruak barne, gaitza desagerrarazteko, baina alferrik. Etiketa betiko eraman zuen. Sorgintzat jo zuten.
Graziari mezara ez joatea leporatu zioten. Sei urte zeramatzala gaixorik ez zuten kontuan hartu!
Eta zer egin zuen Miguel Zubirik? Rolderenakoak akelarretan txistua jotzen bide zuen eta sorgina zela aitortu zuen tortura pairatu ondoren.
Hirurak Iruñera eraman, espetxera sartu eta torturak hasi ziren. Gutxirako balio izan zituzten Larramendiren hiru anotzibartarren aldeko hitzak!
50 urteko Mari Juanari eta Miguel Zubiriri garrotez hiltzea eta gorpua erretzea ezarri zieten zigor. Graziak helegitea aurkeztu zuen eta Logroñora bidali zuten ebazpena izan arte. Santu Ofizioak absolbitu zuen, baina berandu ailegatu zen erabakia.
1575eko azaroaren 28an erre usaina ailegatu zen Anotzibarra.
Mari Juanari Taconerara lagundu zioten. Han hil eta gorpua erre zuten. Grazia eta Miguel Zubiri hilik zeuden jada, kartzelean hil ziren biak, Logroñon lehenengoa eta Iruñean bigarrena. Hala eta guztiz ere, Miguelen gorpua ere erre egin zuten Taconeran.
Gaur egun arrotzak egiten zaizkigu sinismen hauek. Baina gure historia da eta horregatik noizbehinka Mari Juana, Miguel eta Grazia burura etortzen zaizkigu. Anotzibarren panpina bat egin dugu (inkisidorea) eta inauterietan erre egiten dugu. Hori bai, haurrei zer gertatu zen kontatzen diegu.
Izan ere, gure errealitatean “sorginak” badaude eta “inkisidoreak” nortzuei deitu ere bururatzen zaigu!
Anotzibarkook