Timoteo Etxeberriak, Gelbentzukoa, eta Jaione Otxandorenak irabazi zuten Argentinako munduko mus txapelketa

Amezti.eus 2018ko urr. 8a, 12:01

Euskal Kolektibitateen Munduko Txapelketa ospatu zen Macachinen, Argentinan, irailaren 21etik, urriaren 1a bitartean. Jaione Otxandorena sunbillatarra eta Gelbentzuko Timoteo Etxeberria izan ziren garaileak.

41 urte bete ditu Macachíngo Euskal Batasuna Elkarteak antolatzen duen munduko txapelketa honek, eta Jaione Otxandorena izan da irabazten duen lehendabiziko emakumea. Bere bikotearekin batera lortu zuen garaipena, Timoteo Etxeberria, Gelbentzuko semea. Burlatako txapelketan irabazi ondoren lortu zuten munduko txapelketarako klasifikatzea, bertan, hamaika herrialdetako bikoteen artean irabazi zuten.

Euskal Autonomi Erkidegoko bikoteak, Uruguaikoak, Frantziakoak, Mexikokoak, Kanadakoak, Venezuelakoak, Txilekoak, Estatu Batuetakoak, Perukoak eta Argentinakoak lehiatu ziren. 

Urriaren 1ean bukatu zen 10 eguneko txapelketa. Argentinako Pampa probintzian kokatutako Macachín herrian, Euskal Batasuna Elkartearen egoitza den Euzko Alkartasuna hotelean, jokatu ziren partidak. Munduko mus txapelketaz gain, euskarazko ikastaroak, dantzak, euskal sukaldaritzako klaseak eta beste zenbait jarduera izan ziren.