Amaitu da Lanzko frontenis txapelketa

Amezti.eus 2024ko eka. 27a, 10:36

Bigarren urtez antolatu dute Lanzko frontenis txapelketa arrakastatsua. San Juan gauarekin batera izan ziren finalak.

Iazkoa arrakastatsua izan bazen, 22 bikoterekin, aurtengoa are gehiago: 30 bikotek eman dute izena, helduen mailan. Gainera, haurren maila ere badute, horretan sei bikotek eman dute izena.

Esan bezala, ekainaren 23an izan ziren finalak. Umeen mailan Eñaut Berdonces eta Belate Mariñelarena izan dira txapeldunak; eta, azpitxapeldunak: Mara Gavin eta Jon Juvera.

Helduen mailan, ordea, Jone Larrayoz eta Iñaki Sarasibar izan dira garaile, Leire Oskotz eta Xabi Juveraren kontra. Zorionak guztioi!

Gutxi dira egiten diren frontenis txapelketa mistoak, eskualdean guk ez ditugu gehiago ezagutzen. Arrakastak jarraitzea espero dugu hirugarren edizio batekin.