Jose Luis Recalde, Lantz erremontearen historian sartu zenekoa

Amezti.eus 2018ko abe. 20a, 13:26

Urrezko garaiak pasata ditu erremonteak, eta 1909an sortu zen kirolak izen propio ugari eman ditu, eta Ultzama aldean ere izan dira jokalari profesionalak: Iraizoz I eta Iraizoz II, Jose Maunel Mariñelarena, Jose Luis Recalde... hau da bizirik geratzen den bakarra, eta Lantzen duen bordan elkartu gara berarekin.

Eskualdeak emaniko erremontista onenen artean, Jose Luis Recalde Iraizotz nabarmendu behar dugu. Lantzen jaioa 1952ko ekainaren 17an, maila oneko eta gaitasun fisiko handiko erremontista izan zen. Ez zen ordea erremontean jokatzen hasi, esku-pilotan baizik.

Ez zuen ibilbide erraza izan, eta asko borrokatu behar izan zuen esku-pilotan lehenik eta erremontean gero entrenatzeko. Lizarran ikasi zuen eta bertako pilota eskolan aritu zen lehendabiziko urteetan. Lizarra ordezkatuz, herrien arteko txapelketa irabazi zuen gainera.

1973an Espainiako afizionatu mailako pilota txapelketa irabazi zuen, eta laster etorri zitzaizkion Galarreta pilotalekuko enpresariak erremontera pasatzeko eskaintza eginez. Galarretan entrenatzen hasi zen, maila handiko erremontistekin batera. Entrenatzen hasi eta egun gutxitara jarri zioten kontratua mahai gainean.

Recaldek gogoratzen du nola enpresariak azkar konturatu ziren Lanzko pilotariak zituen dohainekin. Orduko erremontista profesionalak ere harrituta geratu omen ziren, erremontea sekula probatu gabe izanik, oso azkar moldatu baitzen tresna berrira, eta maila handia erakutsi zuen hasieratik.

Azkar debutatu zuen, 1973an bertan, eta 1991ean hartu zuen erretiroa, 19 urteko ibilbide profesionalaren ostean. Profesionala zela ere, zailtasun ugari izan zituen. Lehenik Lanztik Hernanira entrenatzera joateak suposatzen zuen zailtasuna. Herritik errepide nagusira oinez ateratzen zen, kirol poltsa eskuetan eramanda. Auto-stop egiten zuen gero Oronoz-Mugairira joateko, eta bertatik, inguruko erremontistekin autobusez joaten zen Hernanira. Gogoratzen duenez, ez zen zaila auto-stop eginez leku batetik bestera mugitzea, are gutxiago kirolari itxura izanda, gidariek berehala hartzen zuten.

Bestetik, pilotakada gogorra jaso zuen eskuin besoan, eta kubitoa hautsi zuen. Ebakuntzan zauria infektatu egin zitzaion, eta beso osoan kaltzifikazioak izan zituen. Enpresako kirol-medikuak erremontea utzi beharko zuela esan zion, baina erreabilitazioa egiten hasi zen eta gutxika besoaren mugikortasuna berreskuratu zuen. “Ez nuen berreskuratu lehenagoko latigoa, baina profesionaletan jarraitzea lortu nuen”, gogoratzen du Recaldek.

Erremontearen historian mugarri garrantzitsua jarri zuen Recaldek. Iruñeko San Agustin kaleko “Euskal-Jai” zaharretik, Uharteko “Euskal-Jai Berri” pilotalekura izandako aldaketa irrikaz bizi izan zuen erremontearen munduak.

Recaldek San Agustin kaleko “Euskal-Jai” pilotalekuko azken partida jokatu zuen, 1977ko abenduaren 14n. Mateorekin batera Urrutia eta Lekunberriren aurka jokatu zuen, eta partidak ez zuen amaierarik izan. Mateok pilotakada gogorra jaso zuen aurpegian, eta erizaindegira eraman behar izan zuten. Hurrengo egunean Uharteko “Euskal-Jai Berri” pilotalekuaren inaugurazioa izan zen. Harmailak jendez lepo, ordura arteko pilotalekurik ederrena… honela gogoratzen du Recaldek, erremontearen urrezko garaia zen, diru ugari mugitzen zuen erremonteak, eta diru horrekin, oso azkar ordaindu zuten pilotaleku berria.

Orain, ordea, pilotalekua itxita dago, eta Hernaniko Galarreta da irekita geratzen den bakarra. Artekari lanetan aritu izan da Recalde erretiratu zenez geroztik. Erremontearen beherakada onartzen du, baina itxaropentsu ageri da kirolak izandako aldaketekin, bereziki frontoi motzera pasatzeak eta diru-laguntzek izan dezaketen bultzakadarekin.