Muskizko Oier Garbisu bigarrena Nafarroako Belardi Loratuen lehiaketan

Amezti.eus 2026ko abuztuaren 30a

Oier Garbisuren belardiaren argazki bat. Lorea: Tragopogon dubius, indikatzaile positibo bat da eta lehiaketarako puntuak ematen dituen espeziea

Ingurumen kudeaketarako Nafarroako Gobernuko enpresa publikoa den Orekan-ek antolatzen du lehiaketa eta asteburuan banatu dituzten sariak, Uharte Arakilgo Artzain Egunean. 

Lehenengo saria Artzibarko Lusimi Montoyak irabazi du, baina Imotza etorri zaigu bigarren saria, Muskizko Oier Garbisuk irabazi baitu.

Nafarroako Belardi Loratuen lehiaketaren helburua biodibertsitaterako hain onuragarriak diren zelai hauen garrantzia azpimarratzea da. Belardi hauek abeltzaintza eta artzaintza estentsiboarekin zuzenean loturik daude haien aberastasun naturala abereen eta ekosistema hauen arteko harremanaren ondorioa baita. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, zelai hauek karbonoa gordetzen dute, lurren higadura murrizten dute, ura biltzen dute eta suteen prebentzioan laguntzen dute. Hauek zaintzea, beraz, Orekan-etik azaldu dutenez, ura, lurra, biodibertsitatea eta landa eremuko jarduerak babestea ere bada. 

Luismi Montoyak eta Muskizko herritarra den Oier Garbisuk jaso dituzte aurten lehenengo eta bigarren sariak haien belardien loreen aberastasunarengatik eta paisaiaren balorearengatik. Artzibarko zelaian latxa ardiak izaten dira eta Muskizkoan, berriz, Burgete arrazako zaldiak, eta sariari esker haien produktuetan lehiaketaren zigilua jarri ahalko dute. 

Lehiaketaren bigarren edizioa izan da hau eta lotuta dago 2024an Orekan-ek sortutako dirulaguntza berri bati esker: balio natural handiko segabelardiei ematen zaien dirulaguntza, hain zuzen.

Balio natural handiko segabelardien dirulaguntzaren formazioaren eguneko argazkia, Oier Garbisuren belardian egin zen lore espezie ugari dagoelako