Isa Saez zinemagileak figuranteak behar ditu Imotzen grabatzen ari den laburmetrairako

Amezti.eus 2026ko maiatzaren 29a

Hostoak eroriko direnean laburmetraiaren irudi bat

Hostoak eroriko direnean laburmetraia ari da grabatzen Imotzen, ia-ia amaitu du, baina azken irudietarako hiruzpalau figurante behar ditu. Ekainaren 6an grabatuko dira irudiak. 

26 eta 45 urte bitarteko emakumeak edo identitate disidenteko pertsonak behar ditu. Hiruzpalau izanen lirateke eta ekainaren 6an, 18:30etatik 21:30ak bitartean grabatuko lirateke irudiak, Latasan (Imotz). Laneko mendiko arropa jantzi behar dute figuranteek. 

Joan zen udazkenean hasi zuten Hostoak eroriko direnean laburmetraia eta urte bukaera aldean estreinatu nahiko luke, Isa Saez zuzendaria: "Fikzioa egiten dudan lehenengo aldia da, nik idatzitakoa, eta bi emakumeren historia kontatzen du. Herri batean bizi dira, bat ama da eta herrian jaio da, eta bestea migratzailea da eta herriko adineko gizon bat zaintzen lan egiten du, interna moduan. Harreman bat hasi dute eta ez dakite herriari kontatu, beldur direlako", kontatu zigun zuzendariak Pulunpe aldizkarirako.

Latasan grabatzeaz gain, Urritzan, Erason edo Zrrantzen ere hartu dituzte zenbait irudi: "Hemen filmatu dugu. Niretzako oso berezia izan da. Hemen, etxe eta talde edo komunitate sentimendu horrekin lantzea, non bailara guztiak parte hartu du. Oso ongi pasatu dut. Muntatzen ari gara eta urrian edo urtarrilean estreinatu nahi dugu, distribuzio erritmoak errespetatzeko". Lan horiek amaitzeko dirua biltzeko, gainera, crowdfunding kanpaina bat abiatuko du, nahi duenak ekarpena egin dezan.