elkarrizketa

Sagarrika elkartea sortu dute, Nafarroako sagardo sagarra bultzatzeko

Amezti.eus 2023ko eka. 5a, 13:24

Oskozko Leire Iribarren sagar ekoizleak Sagarrika elkartea aurkeztu digu gaurko irratsaioan. Nafarroako txoko desberdinetako sagardo sagar ekoizleek sortu dute ekimena, eta aurkezpen bilerak eginen dituzte datozen egunetan. Ekainaren 6an, Donezteben izanen da lehen hitzordua, arratsaldeko 16:00etan Juansenean.

"Sagarrika Nafarroako sagardo sagar ekoizleen elkartea da. 2021ean ideia honi bueltak ematen hasi ginen Nafarroako zenbait ekoizle, eta 2022 bukaeran ofizialki sortu genuen elkartea", azaldu du Iribarrenek. Doneztebeko, Baldorbako, San Adriango eta Oskozko ekoizleak zeuden taldean hasiera hartan, baina pixkanaka jende gehiago taldera batzea da haien helburua. Horretarako eginen dituzte aurkezpenak. Datozen egunetan Larraunen ere aurkezpena egitea da haien asmoa, baina oraindik ez dute data zehatzik.

"Elkartearen helburu garrantzitsuena Nafarroako sagardo sagar ekoizleak elkartzea eta harremanetan jartzea da, ekoizpen honen inguruan dagoen problematika eta informazioa elkarbanatzeko", dio. Sektorea hobetzeko eta modernizatzeko helburuz ari dira lanean, baina bertako barietate zaharrak zaintzea ere bada asmoa. "Sagarrondoetan interesa duen edonori irekita dago elkartea: bospasei zuhaitz etxean dituen horietatik hasita, sagasti handiak dituzten nekazari profesionaletaraino", adierazi du.

Pixkanaka ari badira ere, etorkizunean Nafarroako sagardo sagar ekoizpena 'Euskal Sagardoa' izenpean onartua izateko lan eginen dutela adierazi dute taldetik.