Pakoren oroimenean bertsoak:
(Doinua: Habanera)
Joxe izan’tzen zure aita, Bixenta amaren izena,
Hamaika senide denak, ta zu Pako hamargarrena,
Apezenea etxea, Etxalekuko altuena,
Horkoak zure sustraiak, eta horkoa zure sena.
Ikullun behi eta ardi, ta borda belarrez dena,
Ta bizitzeko modu hau, zuretzat etzen onena;
Erabakia hartu eta, jokatu ziñun zuzena,
Denak atzean utzita, joatiá Amerikan barrena.
Gaztea sasoitsua ta, erraxa ote zen ustea,
Lana haitz gogor egiñez, hori da egia esatea,
Hango zelai ta mendiak, Etxalekuko doblea,
Han dena baitzen haundia, biño etzen dena hobea.
Ta pasa ziren urteak, zailtasun eta nekea,
Hizkuntz berri bat ikasi, sentitzen ziñen librea,
Babesa ere ondoan, nolakoa bikotea!
Ta alaba Ana Mari, izan zen zure estalpea.
Tarteka-tarteka ere, Etxalekure eskapada,
Familia eta lagun, irria eta besarkada,
Herriko ostatun jendeak, jolasa eta patxada,
Alaitasuna e’tzen falta, umorea eta algara.
Zure heriotzaren berrik, hor bihotzean taupada,
Naiz urruti bizi ziñen, hurbil zen zure zirrara,
Gogoan izango dugu, beti zure begirada;
Ta zure illoben partetik, musu eta agur osaba.