Ainara Urritza

"Amaiurko 500. urteurrenarekin oso inplikatuta daude herritarrak"

Amezti.eus 2022ko abu. 2a, 10:08

Sei bat urte daramatza Amaiurren bizitzen Erasoko (Imotz) Ainara Urritzak, eta hemen bezala, han ere sortzen diren saltsetan parte hartzen saiatzen da gaztea. Nafarroako Erreinuaren azken gotorleku izan zen Amaiurko batailaren 500. urteurrena gogoratzen ari diren honetan, elkarrizketa egin diogu erasoarrari. Larunbat honetan, abuztuaren 6an, Jon Maia Soriak zuzendutako ikuskizun berezia izanen da gaztelu azpiko soroetan. amaiur.eus webgunean eskura daitezke sarrerak. Elkarrizketa egin diogu Urritzari, gehiago jakiteko.

Zer gertatu zen duela 500 urte Amaiurren?  

Tira, lehenagotik ere hasia zen Gaztela Nafarroa menperatzen eta okupatzen, baina Amaiurren, duela 500 urte, hainbat Nafarren erresistentzia izan zen. Uztailaren erdialdean gertatu zen guda, eta uztailaren 19an erresistentziako azken ahaleginak egin ondoren, amore eman behar izan zuten eta gaztelarrek Amaiurko gaztelua okupatu eta suntsitu zuten. Haien garaipena izan zen alde batetik, baina ez guztiz, 500 urte beranduago toki berean garai hartako hizkuntza bera mintzatzen jarraitzen dugulako, memoria hori gorde dugulako eta etorkizun bat eraikitzen jarraitzen dugulako. 

Nola bizi dute Amaiurko herritarrek urteurren hau? Presente dago Amaiurko Gaztelua herrian? 

Bai, gazteluarena beti egon da hor. 1922. urtean herritarrek monolitoa altxatu zuten, eta bazekiten hor zerbait bazegoela, muino horretan zerbait gertatu zela. Ez zekiten zehazki zer, baina belaunaldiz belaunaldi hor zerbait gertatu zenarena pasatzen joan da. 1931n eraso faxista bat izan zen eta monolitoa suntsitu zuten, eta hor askok sumatu zuten zerbait garrantzitsua zela tarteko, eskuindarrek ezkutatu nahi zutena edo erre egiten ziena. Gerora, 1982an, herritarrek berriz eraiki zuten monolitoa, eta Aranzadi elkarteari eskatu zioten muino horretan zer gertatu zen aztertzeko. Amaiurko identitatearen parte da gaztelua eta bataila. Aurten, gainera, urteurrenarekin asko inplikatu da herria, eta antolakuntza maila ikaragarria da. 

https://amezti.tok-md.com/argazkiak/fHD/amaiur3.jpg

Urte osoan hamaika ekimen egin dira urteurrenaren bueltan, ezta? 

Bai, esparru desberdinetatik hainbat ekitaldi antolatu dira Amaiurren. Nafarroa Berriz Altxa ekimenak, adibidez, hemen egin zuen ekitaldi politikoa; Ernai antolakundeak ere Gazte Martxan ekitaldi nagusietako bat monolitoan egin zuen; Asisko Urmenetak gertaera hura oinarri hartuta komiki-liburua osatu du; hainbat artistek urteurrena gogoratzeko abestiak eta bideoklipak hemen grabatu dituzte… Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko bide horretan jende askok izan du hizpide Amaiur. 

Larunbat honetarako ekimen handia ari zarete antolatzen… 

Bai, larunbatean gaueko 21:30ean izanen da ikuskizuna, gaztelu azpian kokatutako soroetan. Anfiteatro gisako estruktura hartuko du soroak, eta 2.000 pertsonendako tokia egonen da. Ikuskizunean diziplina anitzetako artistek hartuko dute parte: musikariak, dantzariak… Jon Maia Soriak zuzendutako ikuskizuna da, Amaiur 2022-2522, Aurkituko gaituzuenoi izena du. Zergatik izen hori? Bada, iragana presente egonen den arren, orainetik etorkizuna eraikitzea duelako asmo ikuskizunak, eta nolabait Amaiur hemendik 500 urtetara nola ikusiko den islatzea da ideia. Euskal Herria du erreferentziatzat; atzoko, gaurko eta biharko euskaldunei egiten die erreferentzia. 

Ez da, beraz, Amaiurko batailaren erreproduzio soil bat izanen. 

Jon Maiak dio ispilu joko bat dela, iragana, oraina eta etorkizuna islatzen duena. Gaur egiten duguna hor egonen da, nolabait iraganari jarraipena emanez. Hainbat gai jorratuko dira: iraganaren partean nondik gatozen landuko da batez ere, baina bestelako gaiak ere egonen dira, hala nola, itsasoa, sexu identitate desberdinak, migrazioa… 70 lagunetik gora ariko dira oholtza gainean eta hortik kanpo, eta jendea ikusle gisan joanda ere, publikoaren artean mugimendua egotea nahi da, horrekin ere nolabait puskatzea. Familia guztiarendako moduko ikuskizuna izanen da. 

https://amezti.tok-md.com/argazkiak/THS/amaiur_gaztelua.jpg

Asisko Urmenetak arratsalderako beste zerbait ere prestatu du, ezta? 

Bai, bere liburuan oinarrituta, Libera State kale antzerkia prestatu du Urmenetak, musika eta antzerkia uztartuz. Herrian zehar hainbat tokitan marrazki eta antzerki gisakoak antolatu ditu, arratsaldeko 20:00etatik aurrera izanen da hori, elizatik goiti abiatuta. 

Txartelak eskuratzeko:

Helduek 20 euro (15 urtetik goiti)
Haurrek 10 euro (6-14 urte bitartean)

-amaiur.eus webgunean
-Elizondoko Axular eta Fantxike dendetan eta Amaiurko arkeologia zentroan
-Egunean bertan, Amaiurren