Andrea Aldaregia imoztarra, Mujikarekin bikote, txapeldun

Amezti.eus 2022ko uzt. 6a, 10:28
Andrea Aldaregia eta Maite Ruiz de Larramendi Mujika

Ados elkarteko San Fermin txapelketako irabazleak izan dira Labriten Andrea Aldaregia latasarra eta Maite Ruiz de Larramendi Mujika.

Ados elkarteak antolatutako lehenengo San Fermin txapelketa izan da. Atzo, uztailaren 5ean, jendez lepo zegoen Labriten, giro ederrean jokatu zuten finala. Aldaregiak eta Mujikak irabazi zuten txapela, 22 eta 12 Arrieta eta Mendibururi gailenduta.

Armailak beteta, urduri hasi zuen partida Andrea Aldaregia latasarrak: "frontoia jendez gainezka zegoen eta urduri nengoen hasieran. Tantoak aurrera, erosoago sentitu ginen eta, horrela, joku on bat egitea lortu genuen, txapela lortu arte. Aukerak bagenituen, baina bagenekien oso partida ona egin behar genuela bikote indartsua genuelako aurka".

Txapelketan bildutako dirua ELA gaixotasunaren ANELA elkartearenendako izan da, eta, horregatik, emozioz beteriko jardunaldian Osasunako jokalaria izandako Juan Carlos Unzuek jarri zien txapela irabazleei. Aldi berean, Ados elkarteko Iera Agirrek txapela jarri zion gaur Iruñean txupinazoa botako duen Unzueri. Andrea Aldaregia: "oso egun berezia izan zen, gainera, ELA gaixotasuna dutenen alde zelako. Inoiz ahaztuko ez dugun arratsaldea izan zen".

Sei bikotek parte hartu dute Ados elkarteko lehenengo San Fermin txapelketa honetan. Ekainaren 17an eman zioten hasiera, Lesakan. Ondoren, Ekainaren 26an Eulaten, eta, uztailaren 1ean Erratzun izan ziren finalerdiak.