Etxalekun eta Larraintzarren ere, literatur geraldiak

Amezti.eus 2022ko ots. 3a, 12:04

Nafarroa iparraldeko mankomunitateek eta udalek antolatua, literatur geraldiak izanen dira 12 saiotan, otsailetik urrira. Gurean, Etxalekun eta Larraintzarren dugu hitzordua.

Euskaraz irakurtzeko ohitura eta zaletasuna zabaltzea, herritarren euskarazko kultur kontsumoan indartzea, euskal liburugintza indartzea, liburutegi publikoen erabilera bultzatzea eta esperientzia literarioak konpartitzea. Horiek dira literatur geraldiak egitasmoaren helburuak.

Nafarroako iparraldeko hainbat herritan 12 saio eginen dira osotara, hainbat motatakoak: egileekin literatura solasaldiak, lantegiak eta irakurraldi musikatuak.

Programari hasiera ematen dion saioa, otsailaren 19an, Etxalekun (Imotz) eginen da. Aiora Jakarekin solasteko aukera izanen da, Nirliit liburuaren itzultzailearekin. Juliana Léveillé-Trudelen liburuak Quebec hegoaldeko neska baten istoria kontatzen du; iparraldeko Salluit herrixka inuitera bidaiatzen du urtero, beste zuri askok bezala uda sasoian lan egitera, eta han ikusi eta bizitakoak aipatzen dizkio Evari, desagertu berri den lagun inuitari. Otsailaren 19an, 11:00etan izanen da.

Aurrerago, apirilaren 20an, Larraintzarko bentan eta 18:00etan programa honen beste saio bat izanen da eskualdean. Orduan, Irati Goikoetxea Herriak ez du barkatuko bere lehenengo eleberriaz arituko da.

Literatur geraldiak Baztango Udalak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak eta Sakanako Mankomunitateak antolatu dute Nafarroaren Gobernuaren laguntzaz.