Elkarrizketa

'Bideak' dokumentalaren ipuin-liburua sortu dute Joana Zigandak eta Iker Uribek

Amezti.eus 2021ko aza. 22a, 12:54

Aritz Ganboa Arruazuko artzainak handik Isabara korrika egindako bidea jaso zuen Bideak dokumentalak, gai desberdinak jorratuz bide horretan: landa eremuko bizitza, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren garrantzia, euskara... Orain, dokumentaleko istorioa oinarri hartuta, ipuin-liburua eta bertso sorta argitaratu dituzte. Joana Ziganda oskoztarrak idatzi du ipuina.

Dokumentalean kontatzen zen istorioa haurrendako egokitzea izan da proiektu berri honen helburua, eta horretarako, ipuin-liburua eta bertso musikatuak sortu dituzte. Zigandak jarri dizkio hitzak liburuari, eta Iker Uribe artistak irudiak.

Dokumentaleko istorioan oinarritutako bertso musikatuak egiteko, berriz, Euskal Herriko lurralde desberdinetako bertsolariak fitxatu dituzte ekimenaren bultzatzaileek: Mixel Aire, Eneko Lazkoz, Onintza Enbeita, Oihana Iguaran, Miren Amuriza, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Oihana Bartra, Joanes Etxebarria, Elixabet Etxandi, Ruben Sanchez eta Imanol Lazkano.

Durangoko azokan salgai egonen da Bideak ipuin-liburua eta diskoa.