Andrea Aldaregia, Plazaz Plazako txapeldunordea

Amezti.eus 2021ko abu. 31a, 10:26

Larunbatean izan zen Plazaz Plazako, Ados pilotak antolatutako lehenengo txapelketaren, finala; eta, azkenean, Laia Salsamendik eta Ohiana Orbegozok eraman zuten txapela. Andrea Aldaregia latasarra txapeldunordea da, beraz, Maite Ruiz de Larramendirekin batera. 

Leitzako plazan, jendez beteta, jokatu zen finala, larunbatean, eguerdiko 12:00etan; eta, Laia Salsamendi eta Ohiana Orbegozo gailendu ziren 22 eta 12 Andrea Aldaregia eta Maite Ruiz de Larramendiren kontra. "Haiek hobeto jokatu zuten finalean, zoriontzea besterik ez dugu", esan digu Aldaregiak auzokide imoztarrak. Beraz, txapela ezin izan zuen lortu, baina txapeldunordea izateagatik zorionak berari eta bikotekide izan duen Maite Ruiz de Larramendiri ere!

Ados pilota emakume pilotarien klub berriak antolatutako lehenengo txapelketa izan da Plazaz Plaza. Ekainean hasi zen eta hainbat eta hainbat frontoietan jokatu dute, guztiak aire librean, haien artean Erason eta Etxalekun. "Txapelketa oso polita izan da, Ados pilotako lehenbiziko txapelketa. Partidak oso parekatuta izan dira torneo osoan eta pozik gaude", adierazi digu Aldaregiak.