Bide berdeen eguna, Imotzen, bihar

Amezti.eus 2021ko mai. 28a, 17:50

Bide berdeen eguna izanen da bihar, Imotzen. Izurritearengati iaz ezin izan zen antolatu, eta aurten berriz ere ekin diote bizikletaren erabilera eta Plazaolako bidea sustatu nahi duen ekimen honi.

Lekunberrin egin zen pasa den urtean, eta aurten Latasa (Imotz) izanen da ekitaldiaren gune nagusia. Bizikletaren erabilera, Plazaolako bidea eta aisialdi jasangarria sustatzea du helburu. 

Latasara joateko ibilaldiak antolatu dira oinez eta bizikletaz. 10:00etan da hitzordua Lekunberritik, eta 11:00etan Irurtzunetik. Irurtzunen, gainera, autokarabanen eremu berria inauguratuko dute 10:30ean.

Baina jardun gehienak Latasan (Imotzen) izanen dira: Plazaolako ekoizleen eta artisauen azoka izanen da 11:00etatik 15:00ak arte; 12:00etan tortila-pintxoa eta sagardoa eskainiko dira Latasako Biltegian; 13:00etan "Bicimundo" ikuskizun dibertigarria antzeztuko da haur eta helduendako Cia Levelibular eta Dabitxoren eskutik; Hori gutxi balitz, 10:00etatik 12:00ak bitartean Imozko Nordic Walking zentroak martxa nordikoan hasteko bi ikastaro eskainiko ditu doanik, begirale espezializatuak izanen dira bertan eta bastoiak utziko dira. Goizean zehar, gainera, bizikletak (elektrikoak eta ohikoak) eskura izanen dira Latasako Biltegian.