Hona hemen bi liburuen erreseinak:
Aitaren etxea. Karmele Jaio Eiguren
Blokeatuta dago Ismael, bere nobela berriarekin aurrera egin ezinik, argitaletxetik deika eta epea gogoratzen ari zaizkion arren. Gauzak okertu egingo dira, gainera, bere ama gaixotu egin dela-eta, aita zaharraz arduratu behar duenean.
Jasone da senarraren idazlanen lehenengo irakurle eta zuzentzailea; gaztetan idazle izana, gero utzi ziona, baina azken urtean, gauetan ordenagailuaren aurrean, sekretuan berriz sortzen hasi dena. Emazteak idatzitako horretan topatuko ote du Ismaelek azkenaldian aurkitu ezin duen ahotsa? Ala bere baitan arakatu beharko du, ez dakien sekretu hori deskubritzeko?
Maskulinitatea eraikitzeko eta transmititzeko moduez eta orokorrean generoak emakume eta gizonen bizitzetan duen eragin itzelaz ari da Karmele Jaioren eleberria. Baita familietan sortzen diren isiltasun esanguratsuez ere. Bere nobela anbiziotsu eta ausartena burutu du Jaiok, lurralde ezezagun batean barneratuz eta bertatik arrakastaz itzuliz.
Herriak ez du barkatuko. Irati Goikoetxea Asurabarrena
ETAk aita hil zion Oihanari duela hogeita bi urte, berak hemeretzi zeuzkala. Zauria bizirik du oraindik, baina ez du horretaz inorekin hitz egiten; bere seme-alabei ere ez die ezer argirik kontatu, nahiz eta barruan sumatu on egingo liekeela denei. Ezustean, biktima ezberdinen lekukotasunak jasotzen dabilen antropologo baten deia jasoko du, ea berarekin bildu nahi duen.
Gai minbera bat sentiberatasunez landu du Irati Goikoetxeak bere lehenengo eleberri honetan, aldarri ozenen ordez enpatia ahalegin bat eginez, delikadeziaz eta emozioz. Hitzen ukenduak ere balio duelako oinaze zaharrak leuntzeko, edertasunak ere lagundu dezakeelako pertsonak –eta herriak– hobeak egiten.