Bi gorpuzki atera ditu Goldaratzen Nafarroako Memoriaren Institutuak

Amezti.eus 2020ko uzt. 27a, 11:49

Segur aski bi borrokalari antifrankisten gorpuzkiak izanen dira, institutuaren arabera. Atzo atera zituzten Aranzadi Zientzia Elkartearen lanei esker, Paco Etxeberria buru zutela.

Gobernuak ohar batean jakinarazi duenez, bertan jasotako lekukotzen arabera, XX. mendeko 40. hamarkadan, frankismoaren aurka borrokan ari ziren hainbat lagun inguruko mendietan ezkutatzen ziren, eta Armada espainolak inguratu egin zituen. Makis talde bati eraso egin zioten eta haietako hainbat bertan hil eta lurperatu zituzten, gutxienez, bi hobitan. Taldeko beste kide batek ihes egitea lortu zuen, zaurituta, eta egun batzuk beranduago bertako bizilagunek haren gorpua topatu zuten segada izan zen tokitik hainbat kilometrora. Han hobiratu egin zuten.

Goldarazko bizilagunek gorpuzkiak aurkitu dituzten tokian oroitarriren bat jartzeko asmoa agertu dute.

Asteburuan egin diren desobiratze lanetan Nafarroako Memoriaren Institutuko ordezkariak, dokumentazio lanetan eta hobiak aurkitzen lagundu duten inguruko bizilagunak eta Imotz bailarako Udaleko ordezkariak izan dira, haien artean Alfredo Alzueta alkatea.