Arrakasta izan du Imozko lehen feriak

Amezti.eus 2020ko uzt. 6a, 11:51

Igandean, uztailaren 5ean ospatu dute Latasan Imozko lehenengo feria. Pozik agertu dira antolatzaileak ekimenak izandako erantzun onarekin eta jendearen parte hartzearekin.

Eskualdeko artisauen eta tokiko produktuen azoka izan zen goizean zehar, eta baita aizkora eta motozerra erakustaldiak ere. Imozko Udalak Cederna Garalur elkartearekin elkarlanean antolatu zuen feria, eta Basaburuko eta Atezko Udalek ere babestu zuten ekimena. Eguraldia ere lagun, giro paregabean pasatu zen goiza: "Bertako produktuen kontsumoa zein garrantzitsua den ekonomia eta etorkizuna ziurtatzeko, eta kontzientzia kolektiboaren bitartez ingurumenaren babesa etxetik hasi behar dela erakusten ere saiatu gara", adierazi dute antolatzaileek.

Gogorarazi dute, bestalde, hasi besterik egin ez den bide honetan sakontzen jarraitu behar dela eta geroz eta imoztar gehiago tokiko produktuen eta proiektuen kontsumora batzea garrantzitsua dela.