Imozko feria eginen dute igandean Latasan

Amezti.eus 2020ko eka. 29a, 09:41

Imozko feria antolatu dute Udalak, Plazaola Partzuergoak eta Cederna Garalur elkarteak, Basaburuko eta Atezko Udalen laguntzarekin. Goiz osoko egitaraua prestatu dute uztailaren 5erako, Latasako Plazaolako geltokiaren ondoan.

10:30ean hasiko dira ekimenak, bertako eta artisau produktuen postuz osatutako azokarekin. 12:00etatik 13:00etara bitartean, berriz, postuotako artisau eta ekoizleek beraien jardueraren inguruko aurkezpenak eginen dituzte.

Keramika eta maskaila tailerrak ere izanen dira goizean, eta baita Plazaolan barna ibiltzeko bizikleta konbentzional nahiz elektrikoak alokatzeko aukera ere. Eguerdiko 13:0oetan, aizkora erakustaldia eta motozerrarekin tailatzeko saioa egonen dira, eta eguerdi partean zonaldeko produktuekin egindako menu bereziarekin emanen diote amaiera egitarauari.

Antolatzaileek adierazi dutenez, osasun segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren higiene neurriak hartuko dira. Esaterako, feria esparruan maskara erabili beharko da.