Andrea Aldaregia imoztarra, ETB1eko 'Plazandreak' saioan

Amezti.eus 2020ko uzt. 3a, 10:00
Andrea Aldaregia San Fermineko txapelketan

Atzotik, ostegun gauero, Plazandreak saioa eskainiko dute ETB1en. PIlotariek, taldetan banatuta, kantxan dakitena erakusteko aukera izanen dute. Bertan parte hartuko du Andrea Aldaregia latasarrak.

Hamalau emakumezkok eta bi gizonezkok parte hartuko dute saioan. Lau taldetan banatuta (entrenatzailea eta hiru jokalari) kantxan dakitena erakusteko bilduko dira. Tartean izanen da Latasako Andrea Aldaregia.

Andrea Aldaregia, Olatz Ruiz de Larramendi eta Naroa Agirre pilotariekin batera Erlantz Gartziaren esanetara arituko da.

Pilotariek hiru partida jokatuko dituzte, pilota mistoa erabiliz: lehenbizikoa eskuz banaka, binakako bat hamabi tantora eta eskuz banakako beste bat. Emakume pilotariek euren trebezia erakustea da saioaren asmoetako bat.