100 urtez gorako bi ahizpa

Amezti.eus 2019ko mar. 20a, 12:48

Juana Pagoto Gartzaronek, Oskozko Etxotoko etxekoandre zaharrak ehun eta lau urte beteko ditu ekainaren 8an. Luzez hitz egin genuen berari buruz Pulunpen 100 urte bete zituenean. Orain, hona ekarri nahi izan dugu 101 bete berri dituen Filomena Pagoto Gartzaron, bere ahizpa.

Juana Pagoto Gartzaronek, Oskozko Etxotoko etxekoandre zaharrak, ehun urte bete zituenean, horren berri eman genuen, luze xamar. Kontu horrek lau urte eginen ditu, eta, beraz, ehun eta lau urte beteko ditu Juanitak ekainaren 8an (Ikus 143. zenbakia)

Eta orain, berriz ere hona ekarri nahi izan dugu, ez 104 urte betetzera doalako, ez, bere ahizpa batek 101 bete dituelako baizik.

Filomena dugu hori, martxoaren 17an bete zituenak.

Filomena, Ihabengo Arotzeneko bordan jaioa izaten da, baina jaio eta oso laster familia guzia Muskizko Dukenera aldatu zen. Hain jaioko ziren hurrengo bi senideak. Aurreko biak Etxalekun jaioak ziren.

Eta ondoren familia osoak Oskotza egin zuen salto, 1930-1935 tarte horretan, Etxotonera.

Hemendik joan zen neskame Irurtzuna, familia aberats batera, Larraldetarren etxera, Axitako errotara. Ondoren familia hau Iruñera joatean, Filomena ere haiekin batean joan zen.

Filomena ez zen ezkondu, baina esan lezake haurrak izan dituela, Larraldetarren haurrak bere zaintzapean hazi baitziren beti, ia egun osoan, ama lanean izaten baitzuten.

Zahartu artio familia berean izan da. Orain Iruñeko Misericordia zahartegian bizi da, osasunez ongi, berriki izandako erorketa baten ondoren gauzak okertu diren artio.

Aipatzekoa ere bada eta aipatu gabe ezin utzi: herriarekiko izan duen atxikipena, beti izan du Oskotz gogoan eta bihotzean, urtero-urtero, hutsik egin gabe, hemen pasatzen zuen udetan hamabostaldi bat.