Lehiaketara atera dute Latasako geltokiaren kudeaketa

Amezti.eus 2019ko urt. 14a, 13:48

Gutxi falta da Plazaola trenak Imotzen zeukan geltokiak berriz ere ateak irekitzeko. Udalak zaharberritze lanak egin ditu, eta kudeaketaz arduratuko den norbaiten zain dago orain.

Horretarako baldintzak eta zereginak argitaratu ditu, eta Etxalekun, Imozko udaletxean dituzue eskuragarri, baina alderdirik garrantzitsuenak aipatu nahi ditugu hemen.

Geltokik ostatu eta jatetxe bat izanen du, oinarrizko produktuen denda batekin batera. Imotz eta inguruko produktuak izatea positiboki baloratuko du Udalak, hala nola ekologikoak izatea.

Horretaz gain, turismoaren informaziorako puntua izanen da, eta bizikletak alokatzeko aukera emanen du geltokiak. Horretarako Leitza eta Lekunberriko geltokiekin harremana izanen du, Plazaola Turismo Partzuergoan harremana izanik. Oinarrizko produktuen dendak bizikletekin harremana duten materialak izan beharko ditu. Azkenik, pilotalekuaren kudeaketa ere eginen du.

Geltokiko langileei euskaraz jakitea eskatuko zaie, gutxienez B1 mailako gaitasuna izatea hain zuzen ere. Eta kudeatzaileek kontratazioak egiterako orduan, hauek emakumeak eta Imozkoak izatea hobetsiko da.

Irekiera ordutegiari dagokionez, neguko zein udako ordutegiak bereiziko dira. Asteburu eta jaiegun guztietan irekita egonen da geltokia, ordutegi zabalarekin, eta neguan astean bi egunez egonen da itxia, udan berriz, egun bakarraz.

Kudeaketarako proposamenak otsailaren 15a 13:00a baino lehen aurkeztu beharko dira Imozko Udalean. Aipatu bezala, bertan izanen duzue informazio zehatza.