Makitan desagertu zen urritzarraz

Amezti.eus 2018ko urr. 8a, 09:00

Orain baino lehen, Pulunpen, makietako denboran, hau da 1944ko urria-azaroan hil zituzten hiru herritarren berri eman dugu. Olagueko kuartel aurrean Juan Larrea hil zuten guardia zibilek urriaren 7an; Ultzamako mendietan guardia zibilek urriaren ez dakigun zein egunetan tiroz zauritu Jose Etxenike Barberena, 14 urteko arraiztarra, eta azaroaren 26an hil zena; eta azkenik, Itsasoko Inazio Biurrarena, Burgiko mendietan, uste dugunez militarrek tirokatu eta egun batzuk berenduago Iruñean hil zena, urriaren 28an hain zuzen. Su adiskideak hilak izan direla esan dugu (1)

Gaurkoan Imotz aldeko kasu bat dakargu, Miguel Ganboa Astitz urritzarrarena.

Miguel Ganboaren heriotza

1944ko udazkena zen, urriaren 11a. Makiak sartu berri-berriak ziren Oskako (Huesca) eta Nafarroako mendietatik, Francoren kontra borrokatzeko asmoz. Maki talde bat Orreaga aldetik sartu, Erro eta Esteribar gurutzatu eta aurrera zetorren. Atetz aldean borrokaren bat izan zuten eta barratu ziren han eta hemen.

Etxalekuko mendian, Ameztin, nora jo jakin gabe, ihesi, ortzika zebiltzan, eta jendeak eta zibilak ere jakin zuten berehala. Eta batetik bestera, guardia zibilez bete ziren Urritza eta Latasa.

Orduan gertatu zen Miguel Ganboa Astitz, Urritzako mutil gaztearen desagertzea.

Honetaz guztiaz zerbait jakin nahiez, Urritzako Uztargilearen etxean bizi den Benita Etxarri Aldatzengana jo dugu, eta honek hala dio:

Hauek (militarrek) bazekiten makiak non zeuden baina aurrera jo baino lehen, zerbait gehiago jakin nahi, tokia ezagutzen ez zutela eta herritarrak bidali zituzten.

Badakizu, orduan obligarazi egiten zuten.

Uztargileen etxeko Martin Beloki Arregi (gero nire koinatua izanen zena) eta Bentazarreko edo Txurikaingo Miguel Ganboa Astitz bota zituzten aurrera, mendia mia zezaten ea zerbait ikusi edo sumatzen zuten.

Errotaraino elkarrekin joan omen ziren eta han herritik urruti zirela eta, Martinek esan omen zion Migueli.

-Hemen ez zegok deus. Aski diagu, itzuli egin behar diagu.

Eta Miguelek:

-Lasai, nik segitu eginen diat Etxaleku aldera, ea zerbait ikusten dudan.

Eta Miguelek aurrera segitu zuen, eta hartaz ez zen gehiago jakin.

Eta herritarrak ez al ziren bila atera?

Geroago, egun batzuetara ibili ziren herritarrak ea arrastoren bat bilatzen ote zuten, baina hila baldin bazen …, badakizu, hil guziak bildu zituztela (Militarrek hil zituzten makiak bildu eta denak batean lurperatu zituztela esan nahi du Benitak)

Urritzako Javier Goñi Belokiri ere gauza honetaz galdetu genion eta hona nola kontatzen duen:

Gerran ibilitako mutilak obligarazten zituzten patruilak egitera, makiak zebiltzalako. Miguel Ganboa eta Martin Belokiri agindu, eta joan omen ziren mendira ea zerbait ikusten ote zuten.

Etxetxuriko presaraino joan omen ziren (Errotaren ondoan) eta hemen Martin Belokik atzera egin zuen, herrira itzuli zen.

Uso denbora omen zen eta Miguelek usotarako afizioa izaki eta aurrera egin omen zuen, ea zerbait ikusten zuen.

Biharamunean herriko mutilak ibili omen ziren; eta ez jantzi eta ez deus, arrastorik ere ez.

Zerbait gehiago jakin nahi eta, Etxalekun desagertze honetaz aspaldian baititugu entzunak, gehienik jakin dezakeenarengana jo dugu, Zapatiñeneko Juaniko Erbitirengana, eta hona zer kontatu digun:

Guardazibillek, biak ez atrebitzen oiania joatia, ta harrei esan duikai, ta hore joan ikustia, bigiletzia eta…

Bai, bestiak’e (makiak) erne eoki ta, hore sasoiko mutille izatiakin –hemen, pasteko biar baizuten jende fuertia, gaztia- ta beakin geldiazi. Eta gio izandu ziten atakia, beittiko oian hortan.

Batzuk errenditu ziren eta Juanikok dio:

bat bazela, -eskuk goatzen ben’tzittin- entregatu nahi zuna, erti’artan duikai, Mikeltxeneko gaztañetako hartan. Eta soldaduk -eskarmentuik ez zuten soldaduk duikai- aboka jarri ziten, tietu ta erreka zintzur hartan …… eta fuera!

Dirudienez, bidearen azpiko aldean lurperatu zuten edo zituzten, bi ote ziren aditu baitugu askotan.

 

 

Miguel Ganboa Astitz nor zen

Miguel Ganboa Astitz, Luciano Ganboa Andueza, Lakuntxe eta Juana Astitz Goldaratzen semea zen. Luciano, Urritzako Txurikain bentakoa zen eta Juana berriz, Goldarazko Maiatzenekoa.

Miguelek, desagertu zenean, 34 urte zituen, gerran ibilia, eta ofizioz aita bezala, perratzailea zen. Hiru senideetan arotz eta perratzailerik hoberena omen zen.

Udabeko Errotako Julia Biurrarenarekin ere egon ginen bere garaian, -Urritzako bentetatik hurbilekoa eta kontuak jakiteko tokia ezin aproposagoa- eta hara zer esan zigun Miguelez:

Oso mutil bizkorra zen, oso bizkorra. Negu bizi-bizian ere, egunero ugaldean sartzen omen zen.

Eta gehiago dena, hona zer gehitu duen honen desagertzeaz:

Bai, Ameztin hil ote zen barratu zen. Burrunba handia ibili zen. Gero, zarranztar bat errotatik pasatu zenean, esan omen zuen ez zitekeela, han Zarrantzen garbi-garbi ikusi zutela makiekin eta.

Zenbateko sinesgarritasuna eman honi? Etxalekuko askori entzun izan diet Ameztin lurperatutakoen artean behar duela izan. Eta hala izanen da, baina, Juaniko Erbitik kontatzen duen bezala baldin bada, lurperatutako tokia opatzea ezinezkoa iruditzen zait. Aztarna guziak galdu dira; gehiago oraindik, pista bat egin ondoren, lekua ezezaguna bihurtu zaigu zoritxarrez.

 

Familiaz bi hitz

Miguelen aitari, Lucianori, Lakuntxe deitzen zioten, baina bera Imotzen jaioa zen. Kontua da aitatxi eta amatxi, 30 eta 26 urtetan Urritzara etorri zirela Lakuntzatik, Txurikaingo bentazaharrera, eta hortaz izengoitia.

Lakuntzatik etorritakoak Joaquin Ganboa Iraizotz eta Francisca Andueza Flores dira, 1880. urtean, eta etxea erosi zuten, hobeki esan, etxearen erdia, beste erdia Klementen etxekoak erosia izaten baita. Arotza zen eta aroztegi bat zuten etxetik urruti samar.

Hauen oinordekoa, Luciano, Goldarazko Maiatzeneko Juana Astitz Goldaratzekin ezkondu zen.

Luciano eta Juanak hiru seme izan zituzten: Joaquin, Miguel eta Lorentzo, eta 10, 7 eta 4 urte zituztenean umezurtz gelditu ziren, Juana Astitz tuberkulosiak jota hil baitzen oraindik 35 urte bete gaberik.

Lucianoren denboran aroztegi honetan izugarrizko burrunba izaten zen, perratzera nonahitik ekartzen baitzuten uztarriko azienda, Imozko herrietatik nola Basaburua edo Larraungoetatik.

Semeak:

Joaquin, zaharrena, eroa zen, eta Benita Etxarrik hala dio: anaia hil zenean erotua, horregatik erotu omen zen. Guk ere hori dugu aditzea nahiz hala zenik ez jakin. Nolanahi dela, aipatu gabe ezin utzi gerran ibilia zela eta gainera ez zuela oso atsegina izan gerraldia, hiru aldiz zauritu baitzuten gizajoa. Ez zion on handirik eginen.

Lorentzo, gazteena, Latasako Ostatuko Regina Erbiti Beuntzarekin ezkondu zen eta Tolosara joan zen bizitzera.

Baina, Miguel hil zenean, Lorentzo izan zen oinordeko eta Gipuzkoatik itzuli eta arotz lanetan hasi zen sortetxean. Bi seme-alaba izan zituzten, Manolo eta Pakita.

Dena dela, arotz lanak gutxitzen hasi zirenean, 1963an familia guzia Iruñera joan zen eta etxea saldu zuten. Fernando Catalan Rubio, Iruñeko semeak erosi zuen.

 

 

Hitzak eta oharrak:

  1. Su adiskidea esan dugu, hemengo jendea Francoren aldekoa baitzen. Hala ere, Jose Etxenikeren aita, Pedro Etxenike Zenotz, gerrakoan ihesi zebilen jende pasan ibili zela eta atxilotua izan zen. Beraz, familia hau Francoren aldekoa ez zela garbi dago.

Ortzika: ezkutuka, gordeka (hemengoa ere bada hitz hau)

Erne egoki, lasai ibilki, zuek ere joaki: gazteek esan molde hau ikasi beharko lukete.

Perratzailea edo ferratzailea (batuan): herrero.

Ugaldea: ibaia (hitz hau Nafarroakoa da)

Opatu: aurkitu (hemengo hitza da)

Arotza: Nafarroan eta Iparralde guzian, herrero da.

Oinordekoa: heredero.

Sortetxea: jaiotetxea

 

                                                                                                                Txurdan