Andrea Aldaregia San Ferminetako esku-pilota txapelketan lehiatu zen

Amezti.eus 2018ko uzt. 30a, 06:00

Ez zuen irabazi baina frontoia gainezka ikusteak asko hunkitu zuen, eta hori bakarrik pena merezi izan zuela antzeman daiteke bere harridura keinuetan. "Oso hunkigarria izan zen. Nire partidua bukatu nuenean neskatila batek eskumuturrekoa eskatu zidan, eskumuturrekoa!", esaten du begiak ireki-irekiak.

 

Aurten lehenengo aldiz antolatu dute emakumezkoen modalitatea San Ferminetako torneoan. Bertan egon zen Andrea Aldaregia Etxeberria latasarra. Labriten jokatu zuen eta 4. postua lortu zuen. Hala ere, postua baino gehiago, jendearen harrerak hunkitu zuen. Izan ere, emakumezkoen master cup-ak gero eta ugariagoak direla dio, geroz eta neska pilotari gehiago daudelako, eta gero eta publiko gehiago joaten da, gainera. Besteak beste, Gartzarongo txapelketan ere emakumezkoak ikusten ahal ditugu aurten.
 
8 urterekin hasi zen esku-pilotan, baina 14 bete zituenean utzi behar izan zuen, neska nahikoa ez zegoelako lehian jarraitzeko. Duela 3 urte kantxara itzuli zen eta orain, 25 dituela, Oberenan dago. Irabazitakoaren artean, Nafarroako Jokua, 14 urterekin; San Fermin Txikitoko lehiaketa eta Riojako Txapelketa, 2016an. Pilota lanarekin uztartzen du, noski, eta lan txanda aldakorrek ez diote tarte handirik uzten entrenatzeko. Hala ere, gauzak aldatzen ari direla dio. 100 emakume biltzen dira master cup-etan eta, San Fermin txapelketan bezala, frontoiak betetzen hasi dira, gainera.